Jean-Baptiste Coyos Euskaltzaindiaren buruordeak Adimen Artifiziala Hizkuntzan Mugaz Gaindiko Bikaintasun Sarea eratzeko manifestua sinatu du gaur, Euskaltzaindiaren izenean. Donostiako Miramar jauregian izenpetu da dokumentua, INTERREG Poctefa LINGUATEC Kongresuaren baitan. Coyosek proiektuaren garrantzia azpimarratu du gaur, Donostian: “Hizkuntza baten garapena, eta beraz, hizkuntza horretatik elikatzen den kultura, erabat loturik dago hizkuntza horrek ingurune moderno eta aldakorretan, hala nola mundu digitalean funtzionatzeko duen gaitasunarekin. Hala, hizkuntza- eta kultura-aniztasuna estu lotuta dago mundu digitalean hizkuntza batek dituen gaitasun eta baliabideekin, hau da, gure kasuan, mugaz gaindiko hizkuntza-azpiegitura sortzearekin”.
Hiru urteko ibilbidearen ondotik, mugaz gaindiko izaera duen kongresua antolatu du egunotan LINGUATEC proiektuak, UPV/EHUren Udako Ikastaroen barruan: Adimen artifiziala eta mugaz gaindiko lankidetza: azpiegitura linguistiko, adimendun eta irisgarri baten bidean.Biltzarrotan, egitasmoan orain arte garatutako tresna guztiak aurkeztu dira, tartean, Euskaltzaindiak sortutako Euskara eskuz esku tresna digitala.
Zer da Euskara eskuz esku?
Labur esateko, Euskara eskuz esku (EEE) Ipar Euskal Herritik batasunari eginiko ekarpena da. EEEren helburua? Euskara batuaren arauak modu sinplifikatuan agertzea, Ipar Euskal Herriko hizkeren berezitasunak azpimarratuz. EEEn Ipar Euskal Herriko hizkeren berezitasunak azpimarratzen dira eta adibideetan euskara batuan onartzen diren Iparraldeko formak lehenesten dira.
INTERREG Poctefa LINGUATEC proiektuaren helburuak
INTERREG Poctefa LINGUATEC proiektuaren helburu nagusia da aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazio-maila hobetzen duten baliabide, tresna eta aplikazio linguistiko berritzaileak garatu, frogatu eta zabaltzea. Proiektuak hizkuntzen arteko lankidetza teknologikoa egiteko aukera eman du, eta, haren bidez, hizkuntza-baliabide eta tresna berriak garatzeko, bai eta hiru hizkuntza horien lineako aplikazio berriak sortzeko, azkenean erabiltzaileek edukiak hizkuntza anitzetan eskuragarri izateko ere.