Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak bi erakundeen arteko 2021eko lankidetza-hitzarmena izenpetu dute gaur. Helburua da euskararen garapena, azterketa eta ikerketa normalizatzea eta horretan laguntzea, Foru Komunitatearen berezko hizkuntzetako bat baita.
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea erakundearen bidez, Euskaltzaindiak garatuko dituen proiektu eta lan hauek lagunduko ditu diruz: Joakin Lizarragaren lexikoaren ikerketa eta azterketa; oikonimia-lanak egiteko erreferentzia gisa balioko duen esparru tekniko bat prestatzea; Euskaltzaindiaren Onomastika batzordera edo Nafarroako ordezkaritzara heltzen diren eskariak bideratzea eta txostenak prestatzea; Juan de Beriainen Tratado de como se ha de oyr missa, escrito en Romance y Bascuence, lenguages de este Obispado de Pamplona faksimilea argitaratzea; Jose Ramon Minondoren gutunen 1. argitalpena; Euskal Corpus Onomastikoa egitasmoaren lanak egitea; eta Orotariko Euskal Hiztegiaren 2021eko programan parte hartzea. Foru Gobernuak 190.000 euro jarri ditu horretarako.
Duela mende bat baino gehiago, 1918an, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen Nafarroako Foru Diputazioa. Ordutik, bi erakundeek elkarrekiko harremanari eutsi diote, ekimen kultural eta akademikoak garatzeko helburuz.