Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak berriki berretsi duten lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute gaur goizean, bai eta Gasteizko udalerriko toponimia historikoaren saileko beste liburuki bat ere, hain zuzen, Gasteizko toponimia. Arratzua III izenekoa. Prentsaurrekoan, Iñaki Gurtubai Gasteizko alkateorde eta Euskarako zinegotziak, Roberto González de Viñaspre euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak, eta Elena Martínez de Madina ikertzaile eta euskaltzain urgazleak parte hartu dute.
Iñaki Gurtubai Gasteizko alkateordeak eskertu egin dio Euskaltzaindiari euskararen alde egiten duen guztiagatik, eta berretsi egin du udalak aspalditik erakutsi duen euskararekiko konpromisoa. Bestetik, Roberto González de Viñasprek akordioaren garrantzia azpimarratu du: “Garrantzia handikoa da ildo honetan lanean jarraitzea, orain arte urratutako bidean aurrera egitea. Asmo berdinak elkartzen gaitu: euskara den kultura-ondarea jagotea, gasteiztar guztien zerbitzurako, atzoko, gaurko eta biharko perspektiban. Hori da Euskaltzaindiaren borondatea, nahia eta konpromisoa, eta Gasteizko Udalarekin sinatu dugun hitzarmen honek betekizun horiek bete nahiko lituzke”.
Hitzarmen berriaren bidez, Udalak 63.000 euro emango dizkio Euskararen Akademiari, urte osoan kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egin ditzan. Horrez gain, Euskaltzaindiak euskararekin lotutako gaietan aholku emango die Gasteizko Udalari eta udal-zerbitzuei. Gainera, hirian hizkuntza babesten, zaintzen eta sustatzen jarraituko du Akademiak.
Gasteizko Toponimia. Arratzua III
Elena Martínez de Madinak eginiko ikerlanak Gasteizko udalerri osoko toponimia aztertzen du, hots, hiria bera eta 64 herri. Gaur, lan erraldoi horren zazpigarren ahalegina aurkeztu da Gasteizen. Martínez de Madinak honela azaldu du liburuki berriaren edukia: “Egitasmo honetan, hiriburuaz gain, Gasteizko beste 64 herriak ere sartzen dira. Malizaeza, Ubarrundia eta Langraiz merindadeetako lanak argitaratu ziren (4 liburuki), eta jarraian Arratzua deritzanaren aldia iritsi zen. Merindade honen eremua nahikoa zabala denez (21 herrik osatzen baitute) hiru liburukitan banatu zen ikerketaren emaitza. Lehenengo biak argitaratu ondoren, orain hirugarrena eta azkena den Arratzua III liburukia aurkeztu da, zeinek Ilarratza, Jungitu, Lubinau / Lubiano, Matauku, Oreitia, Uribarri Arratzua eta Zerio herrietako toponimia biltzen duen.”
Arratzuko merindadearen ohiko toponimiak aztertzen dituen liburuki honekin amaitzen da berari eskainitako hiru aleko saila, baina guztira, proiektuak hamar liburuki aurreikusita ditu.