Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuren aretoan egin du gaur maiatzeko batzarra, eta Unai Hualdek bilkura baliatu du gogorarazteko euskara ez dela "liskar politikorako arma gisa erabili behar, baizik eta berezko hizkuntza gisa, bere aberastasun osoan, errezelorik gabe".
Euskaltzaindiko kideei egindako harreran Unai Hualdek adierazi du euskara hizkuntza propio gisa tratatzeko desio hori 2019ko abenduan, Parlamentuaren domina Euskaltzaindiari eman zitzaionean azaleratu zuela, baina zoritxarrez, ez dela hala izan: "oraindik ere badago etxe honetan gure hizkuntza, euskara, errezeloz hartzen duenik”.
Euskarari buruzko Foru Legearen inguruan dagoen eztabaidari dagokionez, lehendakariak adierazi du batzuen iritziz “legea gaindituta” dagoela eta beste askorentzat, berriz, “gainditu ezinezko muga bat” dela gaur egun indarrean dagoen legea. Hori dela eta, Nafarroan euskararen normalizazioan aurrerapausoak emateko deia egin du, esaterako, “funtzio publikoan sartzeko merezimendu gisa baloratuz”. “Zeharo naturala izan beharko litzateke, sen oneko kontu hutsa da”, gehitu du Uhaldek.
Amaitzeko, Euskaltzaindiak "euskararen defentsan eta sustapenean" duen papera azpimarratu du, eta Euskaltzaindiarekin eta arlo honetan diharduten gainerako eragileekin batera norabide horretan lanean jarraitzearen aldeko apustua egin du.