Ataungo Udalak euskara sustatzeko ahalegin berriak eginen ditu ondorengo urteetan, eta zeregin horretan bidelagun izango du Euskaltzaindia. Elkarlan honen ondorioetako bat da Ataun beka 2021: Joxemartin Apalategi Begiristain. Beka honen bitartez Juan Arin Dorronsoro ataundarrak herrian egindako toponimia-bilketak sailkatu, aztertu eta digitalizatu nahi dira, etorkizunean izenak erabilgarriak izan daitezen. Bekaren kopuru ekonomikoa 10.000 eurokoa da eta Euskaltzaindiak bere gain hartuko du bekaren zuzendaritza akademikoa, Luis Mari Zaldua euskaltzain urgazlearen eskutik.
Ataungo Udaletxean aurkeztu da gaur beka, eta bertan izan dira Martin Aramendi alkatea; Irati Arratibel kultura, euskara eta berdintasun zinegotzia; Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria; eta Luis Mari Zaldua Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kidea. Ataungo alkatea pozik agertu da elkarlanaren bitartez lorturiko emaitzekin: “Lan honetan Euskaltzaindiaren lankidetza izatea ohorea ez ezik nahitaezkoa da guretzat; izan ere, horrela bermatuta daukagu Ataunentzat hain garrantzitsua den lan hau ondo gauzatuko dela, egoki jasota geratuko dela eta erabilgarri egongo dela nahi duenarentzat”. Bestetik, Irati Arratibelek bekaren garrantzia azpimarratu du, aitortuz “Juan Arin Dorronsororen lanari gaurkotasuna eta balio zientifiko handiagoa” ematen diola; Arratibelek esandu, baita, “XXI. mendera egokitzen” lagunduko diela, “belaunaldi berriek ere Dorronsororen lanaren berri izan dezaten”.
Euskaltzaindiaren ordezkariak ere ase agertu izan dira Ataunen. Miriam Urkiak nabarmendu du hitzarmenak lanerako bidea zabaltzen duela: “lanera gatoz, elkarlanean jardutera, lankidetzan, indarrak batuta egiten delako bidea, eta gaurkoa horren erakusgarri garbia da”. Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak adierazi du “herrietako toponimia jasotzea ezinbestekoa” dela herriak eta bere historiak iraungo badu, baina ohartarazi du jasotzea ez dela aski: “jasotako hori dokumentatu, atondu eta hizkuntzaren estandarretara ekarri behar da benetan erabilgarri izango bada”.
J. A. DORRONSORO: IKERLARI FINA ETA AITZINDARIA
Azkenik, Luis Mari Zaldua Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak aletu du Dorronsororen biografia zabal eta mamitsua. Hona hemen Zalduak irakurri duen testua, osorik:
“Joan Arin Dorronsoro (1892), herrikoentzat Don Juan Txiki, San Gregorio auzoko Telleriazpi baserrian jaio zen 1892an. Apaiz ikasketak Gasteizen egin zituen eta, Araban (Artzubiagan eta Garaion) bi urtez aritu ondoren, sorterrira itzuli zen; bertan eman zuen bizitza osoa. Jose Migel Barandiaranen auzokidea ez ezik, haren lagun eta jarraikilea ere izan zen. Horren lekuko, hiltzera zihoala haren esku utzi zituen bere lan argitaragabeak, noizbait plazara zitzan.
Arinek estreinako lana, herriko landa eremuko bizilekuei eta giza egoitzei buruzkoa, 1926an kaleratu zuen, Barandiaranek sortu eta zuzenduriko Anuario de Eusko Folklore aldizkarian kaleratu ere. Egin zuen lana ikusita, agerikoa da, orduko, toponimia atsegin zuela eta jakinbide horri garrantzi handia ematen ziola, neurri batean, Barandiaranen eraginez, ezaguna denez, honek toki izenez ondo hornituriko eskuz egindako planoak sartu ohi baitzituen ikerketa askotan.
1936ko gerraren aurretik egindako lanen artean, toki berezia merezi du aipatu aldizkarian bi urte geroago (1928an) atera zuen «Toponimia del pueblo de Ataun» artikuluak, bildutako izen kopuruarengatik ez ezik (2.500 inguru), erabilitako metodologiarengatik ere. Euskal eremuko aldizkari zientifiko batean ahozko lekukotzak, aipamen idatziak, etimoa eta izenen kokapena zehazteko mapak edo krokisak bateratzen dituen lehenbiziko onomastika lanaz ari gara. Aitzindaria izan zen, beraz, Ataungo onomastikaria. Ikerlana hornitzen duten eskuz egindako hogeita bi marrazkietan errekak, antigoaleko galtzadak, bidezidorrak, etxeak eta baserriak, bordak eta oilategiak, behinolako orubeak, belardiak, ereiteko lurrak, basoak, larreak eta harkaiztiak berezi eta adierazi zituen. Unibertso harrigarri bezain zoragarria berrogeita hemezortzi kilometro koadrotan. Pasarte adierazgarri hau idatzi zuen 1928ko bildumaren atarian:
«Duela hilabete gutxi baserritar bati galdetu nion zeintzuk izan ziren bere etxean gordetzen ziren dokumentu zaharrak erretzera bultzatu zuen arrazoia, eta erantzun zidan: paper zaŕak etxên ze eiṫeko iṫû bâ»? Herriaren azterketa egiteko, dokumenturik ezean, ohiturez eta toponimiaz baliatzea beste erremediorik ez dugu, eta ikerketa horiek, gordetzen diren idazki zahar apurrekin alderatuz gero, asko argitzen dute gure arbasoen bizimodu eta zibilizazioa».
1972an hil zen arte, Arin hogeiko hamarkadan hasitako bilduma aberasten aritu zen. Bizitza osoan jaioterria arakatzen ibili zen sotanaz jantzitako esploradore nekaezina izan zen, San Martin Txiki (eta Prometeo) bezala, bazekiena jakintzaren bila mendira igotzea besterik ez zegoela.
Azkenerako, Material toponímico izenburupean, Ataungo 8.700 bat toponimo bildu zituen, hogeita bost karpetatan antolatu eta beste hainbeste planotan kokatu zituenak. Guztien ahozko formak eta askoren idatzizko lekukotzak jasotzeaz gain, izen gehienen etimologia proposamena egin zuen. Urre gorrizko altxorra. San Gregoriokoaren lan garrantzitsuenetarikoa dena argitaratze bidean dago orain eta, horrekin batera, hil aurretik bere lagun eta auzoko zen Jose Migel Barandiarani adierazi zion nahia betetzen hasi da.”