Leku-izen horiek ontzat emateaz batera, egokia da EODAn txertatzea, izenok eguneroko erabileran bide egiten joan daitezen. Plazaratu diren leku-erregistro berri horiek Euskal Herriko ehun bat hondartza edo kalakoak dira, Lapurdikoak, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak, euskal itsas hegi osotik barrena daudenak.
Halako azterketa egin ondoren plazaratu du Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak izen horien proposamena, betiere ezagutzen diren datuetan oinarrituta. Gaurtik aurrera, Euskal Onomastika Datutegian (EODA) kontsulta daitezke, datuen eguneraketa egin berri delako. Izan ere, 2020ko irailean egin zen aurreko eguneraketa, eta, ordutik hona, hondartzen lerrokada ez ezik, bestelako datuak ere gehitu eta osatu dira deiturei, pertsona-izenei eta leku-izenei dagokienez.
Etengabeko ikerketaren ondorio
Eskaintzen diren argibide horietako asko lagungarriak izan daitezke gizartearen egunerokoan. Izan ere, deiturak, pertsona-izenak eta leku-izenak euskaraz erabiltzean, zalantzak sortzen dira maiz. Eta EODAn eskaintzen den informazioa etengabeko ikerketaren ondorio da. Horregatik, zenbaitetan, jasotako informazio berriaren kariaz, ikertzaileek edo Euskaltzaindiak berak egindako arautze-proposamenetan aldaketak edo egokitzapenak egin ohi dira. Aldaketa horiek hobekuntzatzat hartu behar dira, ezagutzaren aurrerabidearen emaitza garbi gisa, alegia. Halaxe egiten da aurrera jakintzaren alor guztietan, eta onomastika ez dago sistema horretatik salbuetsita.