Euskaltzaindiak urtarrileko lehen Ageriko bilkura baliatu du azken bi urteetan hildako bost euskaltzainei gorazarre egiteko. Horrela, iaz zendutako Jean-Baptiste Etxarren, Angel Ibisate, Pierre Andiazabal eta Joan Mari Torrealdai omendu ditu Akademiak Donostiako Tabakaleran; baita 2019ko abenduan zendu zen Juan Antonio Letamendia ere.
Andres Urrutia euskaltzainburuak zendutako euskaltzainek euskara eta euskal kulturarekiko erakutsi zuten “konpromiso irmoa” azpimarratu du gaurko ekitaldian, eta goraipatu du euskara eta euskal kultura sustatzeko guztiek egin zuten ahalegin “izugarria”. Urrutiarekin batera, ekitaldian izan dira Ander Aizpurua Kutxa Fundazioaren zuzendari nagusia, Nekane Arzallus Donostiako lehen alkateorde eta Hirigintza Jasangarriko zinegotzi eskuordetua, eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria.
Erakundeetako ordezkarien hitzak entzun ostean, Jose Antonio Mujika euskaltzain urgazleak irakurri du Juan Antonio Letamendia (Donostia, Gipuzkoa, 1940 – Hondarribia, Gipuzkoa, 2019) euskaltzain urgazlearen hilberri-txostena. Mujikak Letamendiaren ibilbide osoa berrikusi du, baina bere profila labur zehaztu du hitzaldiaren hasieran: “Gaztetan euskaldunduta, emaitza bikainak eskaini zituen euskalgintzan: idazle hasieran; irakasle gero, metodogile trebe; itzultzaile eta ikertzaile ere izan zen neurri batean; eta euskarazko komikigintzan ere ale bikainak eskaini zituen”. Adibide gisa aipatu zituen, besteak beste, euskara ikasteko berak ezarri zuen Jalgi Hadi metodoa, Bakarka saila -lehen hiru liburuak Letamendiak egin zituen-, edo Euskaltzaindian eginiko lan eskerga, batez ere, Dialektologia batzordean.
Ondoren, Jean-Baptiste Dirassar ohorezko euskaltzainak idatzitako testua irakurri da ekitaldian. Bertan, Jean-Baptiste Etxarren (1928, Donazaharre, Nafarroa Beherea - 2020) euskaltzain urgazlearen izena eta izana gogoratu ditu Coyosek hilberri-txostenean: “Euskal ondarea maite zuen, idazle fina zen, euskaraz ala frantsesez berdin trebe, gazteleraz ere bai (…) “Euskal Herria zuen maite, eta bereziki Nafarroa. Mugaren bi aldetan txoko gehienak ezagutzen zituen”. Dirassarrek gogoratu du Nafarroako historia jorratu zuela batez ere Etxarrenek: “Ikerketa sakonak akuilatu zituen lehengo bizimoldeetaz, lehengo lanez eta gaineratikoez. Nafar guztien arteko elkartasunaren sustatzaile porrokatuaizan zen”. Herria astekarian publikatu zuen artikulu ugari, “biziki interesgarriak”, eta zenbait liburu argitaratu, tartean, Luzaiden gaindi (Elkarlanean, 2002-2009).
Elena Martínez de Madina euskaltzain urgazleak Angel Ibisate (1932, Gasteiz, Araba - 2020) euskaltzain urgazlearen bizitzako pasadizoak irakurri ditu Tabakaleran. Esan du “gasteiztar petoa” zela, eta “trebetasun eta adimen handiko gizona”. Arabako AEKren sortzaileetarikoa izan zen Ibisate, eta urte askotan Gasteizko Elizbarrutiaren Seminarioko bibliotekari izan zen. Orduan hasi zen haren ikerketa-lana, “artxibategiko inkunableen ezagutza izugarria zuela”. “Zehatza eta zorrotza zen datuen bilketa-lana egiterakoan”, adierazi du Martínez de Madinak, eta idatzi zituen artikuluen zorroztasuna nabarmendu du. Artikulu bitxi bat aipatu du: Fórmula del Juramento en Álava en el siglo XVI (El testimonio de Fray Juan de Victoria). Idazlan honetan Araban erabiltzen zuten zin egiteko euskarazko esamoldea agertu zuen Ibisatek: “Bai, ziertu (Vay çiertu)”. Gainera, eta euskaltzain urgazleak esan duenez, “iturrien ezagutza handiari esker, beste autore batzuen lanak datu berriez hornitu zituen Ibisatek”. Hori bai, hilobira eraman zuen sekretu bat: inori ez zion inoiz esan zergatik ekin zion euskara ikasteari: “Nire sekretua izango da, betiko”, esan zuen hil aurretik eginiko elkarrizketa batean.
Xipri Arbelbide ohorezko euskaltzainari egokitu zaio Pierre Andiazabalen (Urruña, Lapurdi, 1923 – Kanbo, Lapurdi, 2020) apaiz eta itzultzailearen biografia aletzea. Arbelbidek adierazi du garrantzi handia izan zuela meza euskaraz ematearen aldeko mugimenduan: "euskarazko liturgiaren aita izan zen”. Horrela, 3.000 orrialdetik gora itzuli zituen, Othoizlari aldizkarian publikatu zirela gehienak. “Pierreri zor diogu, besteak beste, eliza guztietan dozena mila aletan zabaldua dagoen Igandetan Elizan liburuxka, mezako otoitz eta kantuekin hornitua”. Lapurdi Irratian ere ibili zela gogoratu du Arbelbidek, baita Herria aldizkarian ere. Eta Txilardegiren gidaritzapean egin ziren Euskal Idazkaritzako batzar bat bera ez omen zuen galdu. Gogoratu behar da 1964an Idazkaritza horretan landu zirela beranduago Arantzazuko biltzarrak hartuko zituen erabakiak.
Eta, azkenik, Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia, 1942 – Usurbil, Gipuzkoa, 2020) euskaltzain emerituaren ibilbidea izan du gogoan. Gauza guztien gainetik, Torrealdai “euskal kulturaren gidaria eta behatzailea” izan dela esan du Agirrebaltzategik. “Kazetaria, idazlea, irakaslea, ikertzailea, kultur sustatzailea (...) Zenbait aldizkariren zuzendari (Gure Izarra, Anaitasuna, Jakin) eta kudeatzaile (Euskaldunon Egunkaria, Jakin) izan zela gogoratu du. Produkzio izugarria utzi zuen, langile aparta zenez: “Liburuak eta artikuluak zabal eta ugari: 24 liburu, 47 lankidetza, 517 artikulu, hiru itzulpen-lan, bi edizio-lan... 13.614 orrialde denetara”, zehaztu du bere hitzaldian ohorezko euskaltzainak.
Torrealdaik Euskaltzaindian egin zuen lana ere ez du ahaztu Agirrebaltzategik. Argitalpen-batzordeko kide eta Azkue liburutegiko bibliotekari akademiko izan zela gogoratu du, baita Euskaltzaindiaren historia idatzi zuela ere, Imanol Muruarekin batera...”.
Tabakalerako ekitaldia Joxan Goikoetxea musikariak eta Klara Mendizabal abeslariak girotu dute, Goikoetxeak berak moldatutako hiru pieza interpretatuz: Xabier Leteren hitzak dituzten Nafarroako azken erreginak Donapaleun eta Jardin bat zuretzat; eta Pedro Mari Otañoren Donostiyako ziudadia.