Euskaltzaindiak 600 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2020ko lanaren emaitzak jasotzen ditu gaur bertan sareratu den eguneratzeak.
Hartara, azken sei hilabeteotan 600 forma berri jaso ditu Euskaltzaindiak hiztegian, hain zuzen ere, 78 sarrera eta 522 azpisarrera. Era berean, 443 forma moldatu ditu: 357 sarrera eta 86 azpisarrera.
2020. urtean, guztira, 1.319 forma berri jaso ditu Akademiak: 119 sarrera eta 1.200 azpisarrera, eta beste 1.090 sarrera eta azpisarrera moldatu edo osatu dira. “Etengabeko berrikustea eta osatzea ahaztu gabe, definizioak findu eta osatu ditugu, eta adibide asko gehitu edo moldatu ditugu, betiere ulergarritasunaren eta erabilgarritasunaren alde”, adierazi du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak.
Hitz berriak
Azken sei hilabeteotan hiztegiari gehitutako hitz berriak ez dira asko, baina daudenek gaurko beharrei (bai espezialitate-mailakoei bai adierazkortasun-mailakoei) erantzuten diete. Akademiako beste batzordeen elkarlanari esker jasotakoak dira gehienak, espezializatuak. Esaterako, foliazio, iboi, haize motak (siroko, tramontana, ziertzo), orogenesi, altimetria, magmatismo…
Adierazkorrak ere badira: gaixto, pott, ttentte, ttipi-ttapa, xixtrin,…
Honela, Euskaltzaindiaren batzordeen arteko elkarlanaren emaitzak hitz berrietan bakarrik ez, adiera berrietan ere ikus daitezke: elizate, deflazio, zirku, uholde…
Azpisarrerei dagokionez, hona hemen Euskaltzaindiaren Hiztegian gehitu diren adibide batzuk: parrandan, parranda egin, ur handi(eta)ko arrain (‘eskarmentu handiko pertsona’ eta ‘gizartean garrantzi edo eragin handikoa den pertsona’), urre(-)sagar (‘laranja’), zahagi egin (‘erabat mozkortu’), zaharrak berri, zereko zera, zirika egin, zirimolan, zuzenbide(a) egin (‘bakoitzari zuzenbidez dagokiona eman’)…
“Azken bizpahiru eguneratzeetan egindakoaren bidetik, forma berriekin batera tradizioko forma konplexuak (esapideak eta) hiztegian jasotzen eta, batez ere, bistaratzen saiatu gara”, aitortu du Miriam Urkia euskaltzain osoak. “Eguneratze honetan eman diogu bukaera sail honi, eta horren erakusgarri dira dagoeneko hiztegian aurki daitezkeen 1.889 azpisarrera berriak, Orotariko Euskal Hiztegitik (OEH) berreskuratu eta gaur erabiltzen direnak”.
Euskaltzaindiaren Hiztegia, gaur
Gaur egun 48.686 forma ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak (39.369 sarrera eta 9.317 azpisarrera) eta 67.312 adiera (horietatik 2.329 azpiadierak dira).