Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz, euskarazko tesien zazpigarren Koldo Mitxelena sariak antolatu dituzte. Sari-emate ekitaldia gaur egin da, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria zentroan, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea eta Andres Urrutia euskaltzainburua han izan direla. Saridunek diploma eta 2.000 euro gordin jasoko dituzte.
Mitxelena sariek duela 14 urte hasi zuten bidea euskarazko doktorego tesiak sustatzeko helburuz. Sariek, euskarazko zientzia bultzatzeaz gain, ikertzaile gazteen lana aitortzen dute eta euskara prestigiatzen, maila goreneko aitortza eginez.
Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorearen ustez, “Koldo Mitxelena sari hauek dagoeneko erreferente garrantzitsu bihurtu dira euskaraz egiten den ikerketan, beren lana euskaraz egitea erabaki duten ikertzaileen ahalegina aitortzen dutelako. UPV/EHUtik sortzen diren ikertzaile belaunaldi berriek jarraipena ematen diote bide horri eta haiei esker esan daiteke euskarazko ikerketa osasuntsu dagoela Euskal Herriko Unibertsitatean. Beraz, zorionak eman nahi dizkiet edizio honetako saridun guztiei”.
Andres Urrutia euskaltzainburuak ere zoriondu ditu irabazleak, eta euskarari egiten dioten ekarpena “oso garrantzitsua” dela gaineratu du. Gogoratu du, orobat, Euskaltzaindiaren “izaera eta jardunarekin” bat egiten dutela sari hauek, “profil akademiko-zientifikoa berezkoa baitu erakundeak sortu zen une beretik”.
UPV/EHUn, euskaraz eginiko doktorego-tesien kopurua gaur egun zinez esanguratsua da: 2019/20 ikasturtean, 62 izan dira euskaraz eginiko doktorego- tesiak, duela bost ikasturte baino 25 gehiago. Nekane Balluerkaren agintaldian, euskarazko doktorego-tesien ehuneko % 6 igo da, eta ia % 16ra iritsi da. Aurreko ideiari jarraiki, zientzian, beste hainbat jakintza-arlotan bezala, kopurua bezain garrantzitsua da kalitatea. Kalitate horren adierazgarri dira nazioarteko kalifikazioa lortzen duten tesiak. 2019/20 ikasturtean, euskaraz egin diren tesien erditik gora nazioartekoak izan dira (% 52), duela bost ikasturte baino % 9 gehiago.
Mitxelena sarien VII. edizioan, UPV/EHUn 2018ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra arteko aldian euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak aurkeztu ahal izan dira. Guztira, 74 tesi-egile aurkeztu dira sari hauetara, inoizko kopururik handiena; honela banatu dira, arloka, aurkezturikoak:
Zientzien arloan: 12 tesi.
Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloan: 13 tesi.
Osasun Zientzien arloan: 17 tesi.
Gizarte eta Lege Zientzien arloan: 16 tesi.
Artea eta Giza Zientzien arloan: 16 tesi.
Epaimahaikideek adierazi dutenez, aurkeztu diren tesien hizkuntza-maila bikaina izan da. Tesi-egile saridunek euskara zuzena eta egokia erabili dute, eta, horrekin batera, erabilitako terminologian eta esapideetan berebiziko ekarpena egin diote beren jakintza-arloko euskarari.
Hauek dira saridunak eta tesien izenburuak:
- Zientzien arloa: Iraultza Unzueta Solozabal. Mikroegiturako akatsek Ni-oinarridun Heusler aleazioen transformazio Martensitikoan eta propietate magnetikoetan duten eraginaren azterketa.
- Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloa: Itziar Otaegi Tena. Jatorri berriztagarriko polimeroetan eta karbono-nanokargetan oinarritutako polimero-nahaste eta nanokonpositeak.
- Osasun Zientzien arloa: Lide Totorikaguena Iturriaga. Sistema kannabinoidearen funtzioa ugaztunen obarioen fisiologian eta obozitoen heltze-prozesuan.
- Gizarte eta Lege Zientzien arloa: Miren Artetxe Sarasola. Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak.
- Artearen eta Giza Zientzien arloa: Eneko Zuloaga San Roman. Mendebaleko euskararen azterketa dialektologiko-diakronikorantz.
Euskal Herriko Unibertsitatea ezinbesteko erakundea da zientzia euskaraz garatzeko. Unibertsitateak euskaraz egiten du zientzia. Unibertsitateak euskaraz zabaltzen du zientzia. Euskal unibertsitate publikoak erantzukizun hori hartu zuen bere gain, eta modu iraunkorrean eta erabakimenez garatzen du.
Euskaltzaindiak hastapenetatik (1919) euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntzaren normalkuntzarako eginiko ahaleginaren inguruabarrean kokatzen dira sari hauek. Euskararen Akademiak ehun urtez jardun du zeregin bikoitz horretan, normalizazioaren bidetik ikerkuntza-alorra ere landu duela. Euskaltzaindiaren altzoan bildutako komunitate zientifikoaren ekarria Euskera agerkari akademiko-zientifikoak jaso izan du 1919tik. Aurten, Akademiak erabiltzaileen esku jarri du ekarpen garrantzitsu hori, Euskera agerkari osoa digitalizatu baitu, tartean 2.000 ikerketa-artikulu inguru. Artikulu guztiak kontsultatu daitezke −eta PDF formatuan eskuratu− bere webgunean (www.euskaltzaindia.eus).
Koldo Mitxelena euskaltzain eta UPV/EHUko irakasleak garrantzi eta esku-hartze handia izan zuen ibilbide horretan, eta haren izena eta izana gogoratzen dute sariok. Ezin ahaztu Mitxelenak batasunaren bidean eginiko ekarpena (besteak beste, Akademiak 1968ko Arantzazuko txostena prestatzeko eskatu zion), haren asmo nagusia euskara noranahiko bihurtzea baitzen, goi-mailako ikerkuntzari dagokionez ere bai.