Papereko bertsiotik digitalera igarotzeko lehen urratsa hiztegiaren egitura formala automatikoki Text Encoding Initiative (TEI) gidalerroen arabera definitzea izan zen. Egitura formal hori (lemak, aldaerak, sarrerak, azpisarrerak, adibideak, erreferentzia bibliografikoak, kategoria gramatikalak eta abar) oso da konplexua.
Horregatik, sistema automatikoen bidez egitura guztiz esplizitatzea ezinezkoa izan zen eta, atal batean, sistema erdiautomatikoak, hau da, ordenagailuz lagundutako eskuzko lanketa bidezkoak, beharrezkoak dira. Lexikografiako eta informatikako adituen lankidetza eskatzen duten ahalegin horiek aurrera doaz eta horien ondorio da orain argitara eman den bertsio berria.
Paperezko bertsioa argitaratu zenez geroztik, edukiz ere aberastu da bertsio elektronikoa. 2016tik hona ondoko iturrietako adibideak gehitu dira:
- Euzkadi'ko Agintaritzaren Egunerokoa (1936-1937).
- Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundien 1917-1923ko euskal testuetako hiztegia.
- Lhanderen hiztegiko Hiribarrenen aipamenak zuzendu dira.
- XVI. eta XVII. mendeetako testu hauek txertatu dira: Fernando Maioraren Reino de Navarra. Euskera. Injurias, coplas, frases liburukoak; Juan Madariagaren Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII liburukoak; Erronkari eta Zuberoako agintarien arteko 1616-1617ko gutuneria; XVI. mendeko gipuzkerazko Miserere bat (FLV 1982, 332-334); 1619ko Cancion en lengua Vascongada o Vizcayna (ASJU 2011 (1), 361-385); 1656ko goi-nafarrerazko bertso batzuk (ASJU 2006 (XL) 47-80); Bergara aldeko XVI. mendeko hiztegitxoa (ASJU 2012 (2), 13-29) eta Urduñako XVII. mendekoa (ASJU 2011 (1), 387-402).
- Salvador Zapirain, «Ataño»ren Txantxangorri kantaria.
- Jose M.ª Etxabururen Ondarroa'ko kontuak.
- Michel de Chourioren Jesu-Christoren Imitacionea (1720).
- Manuel de Larramendiren Azkoitiko sermoia (1737).
- Domingo de Aguirreren Ioan etorri bat Erromara (1899).
- Agustin Anabitarteren Usauri (1931).
- Jean Elissalde, «Zerbitzari»ren Ichtorio Saindua. Testament Zaharra. Jesu-Christo. Eliza (1943), Metsikorat, LVII.a Gerlan, Artho xuritzetan.
- Federiko Belaustegigoitiaren Andoni Deunaren bizitza.
Bertsio hau hiztegiaren argitalpen elektronikoaren beste urrats bat dugu.
Gaur egun, 146.366 sarrera eta 57.016 azpisarrera ditu eta kopuru hori handituz doa egituratze-lanak aurrera egin ahala.
Lan horiei esker, hiztegiko azpisarrerak eta hainbat aldaera ere topatzeko gai da orain bilatzailea. Horrez gain, jadanik egituratutako 530.000 adibide inguru daude bilduta eta sailkatuta.
Sarreren nahiz azpisarreren bilaketak zuzenean egin daitezke, baita definizioetako hitzak eta adibideetakoak ere.