Gasteizko Udalak Euskaltzaindiari lagako dio Etxezarra etxearen zati bat. Euskararen Akademiak 2021etik aurrera erabiliko du espazioa Arabako egoitza gisa. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak bi erakundeek horretarako sinatu duten akordioa aurkeztu dute gaur. Udalak lekuaren jabari-emakida onetsi du, eta Euskaltzaindiak bere lana egin eta hizkuntza zabaltzeko jarduerak eskaini ahalko ditu bertan. Lagapenak 25 urte iraungo du eta doakoa izango da.
Euskaltzaindiak bere gain hartuko ditu horniduren gastuak, altzarien zuzkidura, garbiketa, prebentzio- eta konponketa-lanak eta higiezina kargatzen duten zergak eta bestelako gastuak. Akademiak instalazioak egokitzea eta berrantolatzea aurreikusi du. Batetik, Etxezarrak bulego-lanerako gune bat izango du, eta, bestetik, kultura eta zabalkunde jarduerak (erakusketak, hitzaldiak...) egiteko gune zabal bat.
Akademiak askotariko jarduerak lantzeko baliatuko du azpiegitura berria. Alde batetik, herritarrak eta elkarte publiko zein pribatuak artatu nahi ditu, betiere arreta jarriz euskararen ikerkuntzaren eta zabalkundearen eremuetan. Beste aldetik, azpiegitura horretan egun Euskaltzaindiak Gasteizen barreiatuta dauzkan eta etorkizunean abian jarri nahi dituen ikerketa-egitasmoak kokatuko ditu.
340 metro karratu
Udalak eta Euskaltzaindiak denbora zeramatzaten erakundearentzat kokapen on bat aurkitzeko lanetan. “Euskaltzaindiari leku ezin hobea eman diogu Gasteizen”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.
Espazioak 340 metro karratu erabilgarri ditu goiko solairuan (behealdean jatetxea dago). Gaur egun, espazio guztiz gardena da. "Gasteizek euskararen hiriburua izan behar du. Alde horretatik, funtsezkoa zen Euskaltzaindiak horrelako egoitza izatea. Eraikina Euskaltzaindiari utziz bi gauza lortzen ditugu: batetik, orain arte hutsik zegoen eta erabilera egonkorrik ez zuen eraikinaren zatiari erabilera ematea, edukiz betez; bestetik, euskara sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea. Hitzarmenarekin asmatu dugu", azaldu du Gorka Urtaranek.
Andres Urrutia euskaltzainburua ere pozik agertu da lagapenarekin, eta horrela azaldu dio alkateari: “Euskaltzaindiaren presentzia Araban areagotzeko eta indartzeko balio du lagapen honek. Eskerrik asko Gasteizko Udalari eta herriari. Lan egingo dugu euskara eta euskal kulturaren harrera-leku egokia izan dadin ordezkaritza berri hau”.