Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordearen ekimenez antolatu da gaur XXV. Jagon Jardunaldia, Donostian, Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunean. Jardunaldia ez da aurrez aurrekoa izan, baina streaming bidez jarraitu ahal izan da, Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian. Datorren astean, hitzaldi guztiak eskegiko dira bertan.
XXI. mendeko euskal gizartea herritar eleaniztunek osatzen dute eta entitate pribatuek errealitate horren baitan ematen dute zerbitzua. Errealitate eleaniztun horretan, zein leku dauka euskarak entitate pribatuentzat? Nola kudeatzen da hizkuntza gutxitu bat errealitate horretan? Zein arrazoik laguntzen du euskara ere zerbitzu-hizkuntza izan dadin? Zein oztopo dituzte? Eta zein erronka aurrera begira? COVID19ak zein eragin izan du entitate pribatuetan hizkuntzen kudeaketari dagokionez? Galdera horiei erantzuten saiatu dira jardunaldiko parte-hartzaileak.
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak (HPS) euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko 2020-2023 planaren nondik norakoak azaldu ditu. Planaren helburuak aletu ditu, tartean, hirigune eskualdetako zerbitzu enpresetan kontsumitzaileen aurrean euskararen erabilera handitzea; eskualde industrialetan lan hizkuntzan euskararen erabilera areagotzea; eta entitateentzat euskara “ezaugarri bereizlea” izatea lortzea. “Enpresen inplikazioa indartzeko tresnak garatu nahi ditugu, beraiekin elkarlana bultzatu”, esan du Dobaranek, eta Erraza da kanpaina aipatu du, hots, merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko saio-pilotua.
2020-2023 plana tokiko merkataritza, ostalaritza, turismo eta finantza arloetako entitateei euskararen normalizazio-prozesua urratsak areagotzen laguntzeko diseinatuta dagoela azpimarratu du.
Joseba Erremundeguy Euskararen Erakunde Publikoko misio kargudunak Ipar Euskal Herriko datu zenbait eman ditu eta, era berean, eremu pribatuari begira, EEPk dituen erronkak aletu ditu: “Kontuan izan Ipar Euskal Herrian 51.000 euskaldun garela, biztanleriaren % 20, eta hartzaileak beste % 9 direla. Beraz, erdaldunak % 70 dira. Gure jarduna testuinguru horretan kokatzen da eta erronka dugu euskararen transmisioa eta erabilera garatzea. Eta zerbitzuak euskaraz ematea ezinbestekoa dugu euskarari gizarte-bizitzaren esparruetan ikusgarritasuna emateko”. “Horretarako Euskara Zerbitzua indartu behar dugu, bertan prestakuntza profesionala garatu...”, gaineratu du Erremundeguy-k.
Edurne Pérez de San Román HPSko Hizkuntza Plangintzaren arduradunak eta Josune Zabala HPSko Ikerketa eta koordinaziorako zuzendariak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Kultura Sailak 2008an garatu zuten dekretu bat aipatu dute hasteko, hain zuzen ere, Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko uztailaren 1eko 123/2008 dekretua. Haren zoru juridikoa, eragin-esparrua, dekretuaren betetze-maila eta bertan herritarrei aitortutako hizkuntza-eskubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritzak jarritako neurri eta bitartekoak azaldu dituzte, Dekretuaren helburu nagusia argi seinalatuz: EAEko herritarren hizkuntza-eskubideak aitortzea eta bermatzea. Kopuru batzuk ere eman dituzte (2008koak): Dekretua garatzeko EAEko 5.198 enpresarekin eta 9.094 establezimendurekin egin zuen lan Jaurlaritzak. 2014an, Dekretuaren betetze maila jakiteko inkesta bat egin zuen Jaurlaritzak, eta dekretuaren ostean hartutako neurriek izandako betetze-maila apala (% 22) izan zela ondorioztatu zen. Betetze-maila handiena finantza-entitateek erakutsi zuten (% 50), eta betetze-maila okerrenak etxebizitzen salmentaz eta alokairuaz arduratzen direnek (% 2) erakutsi zuten.
Jaurlaritzak lau hamarkadan “bide bat” egin duela azpimarratu dute, eta etorkizuneko erronka batzuk identifikatu dituzte. Nagusiak aipatzearren: kontsumitzaileen aktibazioan sakondu eta dirulaguntza deialdietan dekretupean dauden erakundeak proiektuak aurkezteko kopurua handitu.
Iratxe Zuazola El Corte Inglés Euskara Zerbitzuko arduradunak aitortu du historikoki modu desberdinetan bermatu dela euskararen presentzia El Corte Inglesen: “Beti egon da presente, modu batera edo bestera”. Baina aldaketarik sakonena 2009an egin zuten, Euskara Plana txertatu baitzen enpresa barruan eta helburu estrategikoetan sartu zen. “Konpromisoa irmoa da eta horren adierazle da 2016an Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena proposatu zigula eta sinatu egin genuela. Euskara Zerbitzua sortu zen eta enpresaren maila guztietan du presentzia: errotulazioan, megafoniatik entzuten diren mezuetan, kanpaina berezietan, publizitatean, katalogoetan, webgune korporatiboan...”.
Ainhoa Arruabarrena Kutxabank-eko Gipuzkoako Sareko arduradunak historian zehar banketxeak euskara barne-jardunean sustatzeko eginiko ahaleginak aletu ditu, eta duela 20 urte hartutako erabaki irmo bat gogoratu nahi izan du, hots, euskara serio indartzearena: “Gaur egun gure kontratazioaren % 80 elebiduna da eta 81.000 bezerok daukate euskara bezero-fitxan hautatuta. Orain dela 20 urte hartutako erabaki baten ondorioa da, baina hain zuzen 20 urte behar izan ditugu efektu horren indarra ikusteko”.
Bi hamarkadatan bildutako esperientzia hori guztia eta enpresak daukan elebidun kopuru handia baliatu nahi dituzte etorkizunean, baina dena ez da aurrera egitea, eta atzera egiteko arriskua ere ikusten du orain Arruabarrenak: “Egoera hauetan (pandemiarena) erresistentziak sortzen dira enpresetan, negozioa lehenesten delako beti; eta gero erresistentzia horiek apurtzea zaila bihurtzen da”. Etorkizuneko erronkak ere seinalatu ditu: “Lau erronka ditugu begi bistan -aitortu du Arruabarrenak-: elebitasunetik eleaniztasunera pasatu; ezagutzatik erabilerara; instituzioekin dugun lankidetzan eta konplizitatean sakondu; eta Euskararen Ziurtagiria lortu”.
Azkenik, Asier Arsuaga energia berriztagarrien Goiener Taldeko komunikazio taldeko kideak esan du beraien taldean ezinbestekoa dela euskaraz jakitea “bazkideekiko harreman estua eskatzen duten lanpostu-profiletan”. “Telefonoz edo aurrez aurreko harremanetan, lehen hitza beti euskaraz egiten dugu”, ziurtatu du. “Guretzat, zerbitzu hizkuntza gisa, irizpide ekologikoa da euskara, gure ingurune hurbilari begirunea diogulako. Esan dezakegu ari garela energia berriztagarria euskalduntzen jendartean”, adierazi du. Bitxikeria askoren artean, honako hauek aipatu ditu Arsuagak: “Guk zerbitzu guztia euskaraz ematen dugu, eta badakigu jende asko horregatik bakarrik pasatu dela gure enpresara”; “Gure bulegoetan ohikoak dira belarripresteta ahobizienarteko elkarrizketak”.