Euskaltzaindiak tresna digital berria aurkeztu du gaur Baionan: Euskara eskuz esku (www.euskaltzaindia.eus/eee). Aurkezpenean parte hartu dute Andres Urrutia euskaltzainburuak, Yves Ugalde Baionako Udaletxeko kultura auzapezordeak eta Jean-Baptiste Coyos EEEren zuzendariak. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) % 65eko dirulaguntza jaso du.
Berrogeita hamar bat urtez Euskaltzaindiak garatu duen euskara batuak bere bidea egin du euskal komunitatean; Ipar Euskal Herrian ere bai. Haren beharra ez dute eztabaidatzen orain euskaraz idazten dutenek, eta gizarte-alor anitzetan sartua da, bai idatzian, bai ahozko moldean. Halere, adituetarik kanpo, Ipar Euskal Herrian guti edo gaizki ezagutua dela ohartzen da. Sarritan tokiko hizkerekin nahasten da batua, eta beste batzuetan ez da jakiten noiz erabili behar den eta nola. Hortaz, hori dena argitu nahi duenari lagungarri egingo zaio EEE tresna digital berria.
Helburuak eta edukia
Euskara eskuz esku (EEE) proiektuak Ipar Euskal Herriko hiztunei hizkuntza-aniztasuna kontuan hartzen duen euskara batuaren hedatzeko tresna linguistiko berria ematea du helburu. Euskarri horrek Euskaltzaindiak ematen dituen gomendioak eta arauak proposatzen ditu artikulu errazen bidez, Ipar Euskal Herriko hizkuntza-aniztasunari dagozkionak azpimarratuz. Hizkuntza idatziari eta ahozkoari lotuak diren eremu guziak aurkezten ditu: ortografia, morfosintaxia, hiztegigintza, fonetika eta fonologia, onomastika. Euskara batua eta Iparraldeko euskalkien egoeraz, dialektologiaz, literaturaz artikuluak irakur daitezke.
EEEn 123 arau landuak izan dira. Arauen aurkezpenean Ipar Euskal Herriko hizkeren berezitasunak azpimarratzen dira, erran nahi baita adibideetan euskara batuan onartzen diren Iparraldeko formak lehenesten direla. Gainera, euskara batua Ipar Euskal Herriko hizkuntza-testuinguruan kokatzeko, euskarri batzuk kontsulta daitezke EEEn: lekukotasun-bideo, ahoskeraren audio-grabazio, artikulu batzuk...
Bestalde, erabiltzaileak zalantzak edo galderak baldin baditu, zuzenki idatz dezake eta Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren bidez berehalako erantzun pertsonala eskuratuko du.
Helburuko erabiltzailea Iparraldeko euskaldun alfabetatua da, euskara batua erabili nahi duena: irakasleak, ikasleak, euskara idatzia erabiltzen dutenak eta, jende horretaz haraindi, diasporan edo Hego Euskal Herrian gai honetaz interesa duen oro.
EEE ondoko iturrietan oinarritzen da: Euskaltzaindiak 1994tik argitaratzen dituen arauak; Euskaltzaindiaren Hiztegia; Euskara Batuaren Eskuliburua; eta Euskal Onomastikaren Datutegia. Halaber, EEE landu duen lantaldea zazpi lagunek osatzen dute: Jean-Baptiste Coyosek (zuzendaria); Isabelle Duguinek (ikertzailea) eta aholkulari lanetan ibili diren Andres Alberdik (euskaltzain urgazlea), Jean-Louis Davantek (euskaltzain osoa), Txomin Peillenek (euskaltzain osoa), Xarles Videgainek (euskaltzain osoa), eta Allande Socarrosek (euskaltzain urgazlea).
LINGUATEC proiektua
Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF-FEDER) 1.428.150,00 euroko aurrekontua duen EFA227/16 LINGUATEC (2018-2021) proiektu hau finantzatzen lagundu du % 65ean, Interreg V-A Frantzia-Espainia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAREN helburua da Frantzia-Espainia-Andorra mugaldeko eremuaren gizarte eta ekonomia integrazioa indartzea. Laguntza hori, mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, ingurumen eta sozialen garapenean kontzentratzen da, lurraldearen garapen jasangarriaren alde, elkarlanean eraikitako estrategien bidez.
LINGUATEC egitasmoari buruz gehiago jakiteko, klik egin hemen: https://linguatec-poctefa.eu/eu/sarrera