Euskaltzaindiak JAGONET kontsulta-zerbitzua eraberritu du, edukietan zein egituran. 2000. urtean sortu zen JAGONET eta erabiltzaileak bi eratara balia dezake: hizkuntza-zalantza datu-basean bilatuz, edo, erantzunik aurkitzen ez badu, zerbitzuari galdera eginez.
Datu-basean JAGONET sortu zenetik 2016ko martxora bitartean eginiko erabiltzaileen galderarik adierazgarrienak daude jasoak, eta haiei emaniko erantzunak; molde eguneratuan eta berrituan ageri dira. Urteak joan urteak etorri, datu-baseko eduki batzuk zaharkituak zeuden jada, eta Euskara Batuaren Eskuliburua batzordeak datu-baseko galde-erantzun guztiak berraztertu, eguneratu eta berridatzi ditu.
Horrezaz gainera, galdera askoren izenburuak aldatu eta egokitu dira, eta arloa izenburuan berean txertatu da. Halaber, erantzunetan loturak txertatu dira Euskaltzaindiaren arauetara, gramatiketara, Euskara Batuaren Eskuliburura, Euskaltzaindiaren Hiztegira... edo zenbait estilo-liburutara (EIMA, EHULKU, Berria...) bideratuz irakurlea.
Bilaketa errazteko, galdera bakoitza zer zalantza- eta unitate-mota den ere adierazi da. Horri gehitu behar zaio informazio gehigarria, zenbait kasutan ematen dena.
Molde estandar hau du galde-erantzun bakoitzak:
Prozedura eta proiektuaren eguneratzea
Eskatzaileari bi urrats eskaintzen zaizkio, eta ordena honetan egiteko iradokitzen:
Eskatzaileak bigarren urratsa aukeratzen badu, galdera egiteko inprimakia agertuko zaio eta hartan zenbait eremu bete beharko ditu: posta elektronikoa, kontsultaren gaia eta kontsulta. Aukerako eremu batzuk ere badira, hala nola izena, deiturak, enpresa, erakundea edo partikularra den, jatorria (Euskal Herrikoa edo EHtik kanpokoa) eta lanbidea edo okupazioa.
Galdera horiek guztiak zerbitzuak aztertuko ditu eta modu pribatuan erantzungo eskatzaileari. Eta, orain artean bezala, galdera horietako batzuk, aldian-aldian, JAGONET honetako datu-basea hornitzeko eta aberasteko erabiliko dira.
Zer da JAGONET?
JAGONET euskararen erabilerari buruzko kontsulta-zerbitzu orokorra da, Euskaltzaindiak Internet bidez erabiltzaileen esku jartzen duena. Zerbitzuak bi helburu nagusi ditu: bata, euskararen erabilera zuzena eta egokia bermatzea, eta, bestea, erabilera horren gaineko zalantzak argitzea.
Zerbitzu honetara jotzen duen erabiltzaileak bi aukera ditu: hizkuntza-zalantza datu-basean bilatzea edo, erantzunik aurkitzen ez badu, zerbitzuari galdera egitea.
Kontsulta-zerbitzu honetan Akademiaren ohiko langaiak diren arloen gaineko erantzunak ematen dira, hala nola hiztegigintzakoak, ortotipografiakoak, morfojoskerakoak, onomastikakoak, euskararen herri-hizkeren atlasekoak, euskararen sustapenekoak eta abar.
Hori bai, JAGONET berez ez da erdarazko hitzen edo esapideen euskal ordainak galdetzeko tokia (horretarako daude hiztegi elebidunak, beste kontsulta-zerbitzu batzuk...) edo itzulpen zerbitzu bat edo ikerkuntzarako laguntza bila datorrenari argibideak emateko tokia.