Euskara da euskaldunon ondare ukiezin nagusia, baina ez da komunikazio-kode soila, herri baten bizitzaren ispilu eta erakusgarria baizik. Urrian mintzagai izango ditugun bi euskaltzainek oso kontuan izan dute beti ondare horren transmisioa. Horrela, Euskaltzaindiak bi saio antolatuko ditu haien oroimenez, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan: alde batetik, Larreren Lekukotasun, kantu eta idazki liburu berriaren (Euskaltzaindia, 2020) nondik norakoak aletuko dituzte Peio Jorajuriak eta Jabier Kaltzakortak. Bestetik, Andres Urrutiak Villasanteren bizitza eta lanak gogoratuko ditu. Luis Villasante euskaltzainburua izan zen euskara batua adostu eta lehen garapen sendoa izan zuen urte zailetan. Horretaz gain, idazle argi, zorrotz, ugari eta eredugarria izan zen. 57 urtetan argitaratu zuen: lehen argitalpena 1944koa da, eta azkena 2000koa. Eta argitaratutako idazlan guztiak (929) katalogatu eta bildu ditu Euskaltzaindiak bere webgunean: lau multzo nagusitan daude banatuta: liburu osoak (41), liburu zatiak (106), artikuluak (769) eta edizio bereziak (Villasantek bildu, editatu edota prestatutako liburuak, guztira 13).
Ondarearen Europako Jardunaldiak
Aurten, Ondarearen Europako Jardunaldien 20 urte egingo ditu Bizkaiak. Kultura Ondareari buruzko asmo handiko sentsibilizazio-programa bat da, Europako Kontseiluak Europar Batasunarekin lankide jardunik sustatutakoa.
Europan, ibilbide luzea duen ekimen honek aurrekaririk gabeko arrakasta lortu du, gaur egun 50 estatuk parte hartzen baitute bertan. Bizkaian, Foru Aldundiak koordinatzen du egitasmoa, 70 udalerri baino gehiagoren eta kulturaren arloko ehun erakunde zein elkarte ingururen laguntzarekin.