Gaur, ostiralarekin, 2019ko Resurrección Maria Azkue Literatura sariak banatu dira Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Sari-emate ekitaldian, besteak beste, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak parte hartu dute. Eusko Jaurlaritzak COVID19aren kontra ezarritako segurtasun neurriak zorrotz errespetatu dira ekitaldi osoan.
Irabazleak zoriondu ostean, Andres Urrutiak eskerrak eman dizkie guztiei, eta kimu berriei agindu die Euskaltzaindiak “euskal letrak bultzatzen eta aldezten” jarraituko duela etorkizunean. Bere aldetik, Nora Sarasolak adierazi du era honetako egitasmoak “ezinbestekoak” direla eta guztion artean bultzatu behar ditugula: “Idaztea borondatea lantzeko eta sentsibilitatea garatzeko modu bat da; horregatik dira hain garrantzitsuak honelako ekimenak”.
Akademiak berak eta BBK-k 1991etik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Jakina denez, bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat). Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, betiere Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauek izan dira aurtengo epaimahaikoak:
- A mailan: Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni.
- B mailan: Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.
Epaileen hitzetan, “lan bereziak”, “hausnarketarako joera dutenak” aurkeztu dira edizio berrira. Gainera, parte-hartzaileen artean “idazkera finaren jabe egiteko” ahalegin handiak sumatu dituzte. “Ondo idatzitako testu asko dago, eta molde ezberdinen erabilera zorrotza gaiak tratatzeko”, azpimarratu dute epaimahaikoek.
A MAILAKO sariak
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Axuri beltzaren leienda. Egilea: Ekain Errazu (Urola Ikastola, Azpeitia - Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Laguntasunaren bila. Egilea: Oihan Olasolo (Seber Altube, Gernika-Lumo - Bizkaia).
- Hirugarren saria: Lamiak. Egilea: Nora Aiertza (Urola Ikastola, Azpeitia - Gipuzkoa).
- Aipamen berezia: Eskumuturrekoen saltzailea. Egilea: Oihane Maritxalar (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Hodei urratuak. Egilea: Unai Oruesagasti (Urola ikastola, Azpeitia - Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Argi eduki ezazu, lagun. Egilea: Aiora Sebastian (Seber Altube, Gernika - Bizkaia).
- Hirugarren saria: Distira eder bat. Egilea: Saioa Gartzia (Labiaga Ikastola, Bera - Nafarroa).
B MAILAko sariak:
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Itsualdia. Egilea: Amaiur Puente (Pasaia-Lezo Lizeoa, Pasai Donibane - Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Nora. Egilea: Jare Sanzo Orts (Beasain BHI, Beasain - Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Bakoiti Bikoiti. Egilea: Iñigo Martínez Paz (Armentia ikastola, Gasteiz - Araba).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Dunen artean. Egilea: Idoia Zabalo Rios (Beasain BHI, Beasain Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Mnemósine. Egilea: Jon Kortaberria Lopetegi (Beasain BHI, Beasain – Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Nomadak. Egilea: Eider Burugain Iriarte (María Inmaculada, Donostia -Gipuzkoa-).
Harrobi emankorra
Resurreccion Maria Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateekin, eta 1990 arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991etik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.
Azkue Sarietara aurkeztutako lanen kopurua (2009-2019)
2009 (219) / 2010 (217) / 2011 (157) / 2012 (167) / 2013 (173) / 2014 (75) / 2015 (88) / 2016 (175) / 2017 (151) / 2018 (135) / 2019 (568)