Nola otu zitzaizuen lan hau egitea? Zein izan zen abiapuntua?
Liburu honek abiapuntua Irulegin du, Nafarroa Beherean. Herri horretan bizi da Giovanni Prinelli lombardiarra, kasik 20 urte hauetan. Baigorri aldeko Lagun Alai koruaren zuzendaria da. Garai batean Iratzederren olerkiak musikatu zituen eta ondotik kontzertu bikainak eskaini Lagun Alairekin. Giovanniri gogoratu zitzaion gauza berdintsua egin zezakeela Emil Larreren kantuekin. Eta honen baimenarekin, Emilen dozena bat kantu ditu musikatu. Baina Emilek ez zuen kantu horien entzuteko eta gozatzeko paradarik ukan, anartean zendu baitzen sortetxean eginiko eroriko gaizto haren ondorioz.
Aurtengo maiatzean bete dira bost urte Emil zendu zenetik. Urtemuga hori gogoan, Giovanni hasi zen pentsatzen omenaldi kartsu bat egin behar zitzaiola Emili Baigorrin berean 2020ko maiatzean. Baina omenaldi hori ez zuen kontzertuari mugatu nahi, zerbait zabalago egin nahian zegoen. Ezagun eta adiskide zenbait biltzen hasi zen hori guzia aipatzeko. Enekin ere harremanetan jarri zen. 2018ko urria zen. Orduan zen ondu, besteak beste, Emili buruzko liburu baten publikatzea, batetik ongi ezagutu dutenen lekukotasunak bilduz, bestetik Emilen idazki andana bat agertuz. Lan horren kudeatzea galde egin zidan Giovannik.
Nola antolatu duzue liburua? Zer nolako egitura dauka?
Liburuak hiru zati dauzka. Lehen partean, 11 lekukotasun daude. Emilek bizian jorratu dituen ildo nagusienak dira aipatzen, bertsolaritza, pilota, Herria astekaria, Euskaltzaindia, euskal liturgia eta abar. Ildo bakoitzarentzat pertsona egoki bat aurkitu dugu. Bigarren zatian agertzen dira Giovannik musikatutako kantuak. Eta hirugarrenean, Emilek Herria kazetan idatzitako editorial hautaketa bat, ehun testu.
Hartu duzu ezusterik Larreren testuak berrirakurtzean?
Emilek 875 editorial baditu idatziak 1980 eta 2002 bitartean Herria kazetan. 1980a arte ez zuen editorialik agertzen Herriak. Emilek ideki zuen zutabe hori, osoki bere gain hartuz, hastapenean noizean behin, gero aste guziz eta 1996tik goiti Janbattitt Dirassarrekin aldizkatuz. Editorial horiek aurkitu ditut Herriaren bulegoan daukagun artxibategian. 1980 eta 1990 bitartekoak irakurri ditut, kasik 400 bat. Eta interesaren arabera (gaia, hiztegia, umorea, gaurkotasuna...) bereizi ditut ehun eta denak ordenagailuan jo. Garaian irakurriak banituen ere gutiz gehienak, izigarriko plazera hartu dut berriz irakurtzean, kasik arradeskubritu ditut. Lan loriagarria izan da. Ohartu naiz nolako altxorra dugun eskupean, bereziki Emilek euskaraz idazteko zuen moldeagatik. Eta ohartu ere, nahiz editorialak beti garai bateko aktualitateari lotuak diren, frankok gaur ere badutela beren balioa. Hastapenean pentsatua nuen editorial guziak irakurriko nituela, baina lan handiegia izan zait. Lehen hamarkada horretako idazkiekin banuen uzta nasaia, aberatsa. Eta uste dut gainerateko editorialen hautaketa batentzat beste argitalpen bat beharrezkoa litzatekeela. Mamia segurik bada. Emilek bazuen idazteko molde bat zoragarria, esaldi oso politekin, gaur egun gutik egiten dakiten modukoak.
Kantuak egiten ere iaioa zen Larre. Zenbat bildu dituzu liburuan eta nolakoak dira?
Giovannik musikatu dituen hamaika kantu dira liburuan agertzen, denak Elizako kantuak edo erlisioneari lotuak. Lehen kantua, Irulegiko Bixintxo saindua, Giovannik berak Emili eskatutako bat da, Irulegiko elizaren eraikuntzaren mendeburukari Baigorriko koralak kantatu zuena, 2012an. Besteak Emilek Giovanniri emanikoak dira. Giovannik aitortu zidan behin Emilen kantu profano zenbait ere nahiko zituela musikatu, Lagun Alai koruak bi motetarik ematen baititu, Elizako kantuak eta profanoak. Noizbait beharbada...
Larre ondo ezagutu zutenen lekukotasuna ere bildu duzu lan honetan. Horrek balio erantsia ematen dio, ezta? Zer nabarmentzen du jendeak?
Hamaika lekukotasun badaude. Edo hobeki erran hamabi ere bai, zeren Mixel Oronos baigorriarrak bere herrikideaz egin duen hitzaurrea egiazko lekukotasun bat da. Beste lekukotasun emaileak hauek dira: Jean-Léon Larre baigorriarra, Emilen iloba, sortetxeko laboraria. Herria astekariari lotuak, Janbattitt Dirassar batetik, nihaur bestetik. Janbattittek Emilen biziaz itzuli zabala egiten du; nihaurk, aldiz, Emili buruzko anekdota zenbait kontatzen ditut. Bertsolaritzaren arloan, batetik, Joxe Mari Iriondo, Urepelen urtero egiten den Xalbadorren Egunaren antolatzaileetarik dena, eta funtsean urte batez Emil Larre bera zen Urepelen omendua izan; bertzetik, Jean-Louis Harignordoquy Laka, baigorriar bertsolaria. Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua, honek Emilen Ene artzain etxolak liburua duela gehien bat jorratzen, Emilen biziko obra, nor zen Emil ongi erakusten diguna. Jean-Mixel Barbier aihertarrak, bere aldetik, kontatzen digu Emilek Aiherran iraganiko urteak, Emilek ikaragarriko eragina ukanik herri horretako gazteak bereziki euskaldungoari idekitzen. Pilotaren saila ere berea baitzuen Emilek, hortaz ari da Frantxua Juanicotena bankarra, pilotazale eta kantaria. Lekukotasun horiek guziak euskaraz agertzen dira. Eta badira beste hiru frantsesez agertzen direnak, Giovanni Prinelli arduraturik horietaz. Janbattitt Etcharren Lohigorrigaraztarra, zenbait hilabete zendu aitzin idatzitako lekukotasuna; honek aipatzen digu berezikiago Garazi aldeko Frantsesenea laborantza ikastetxea, Emilek ideki zuena (Frantsesenea izendapenak ez du deus ikustekorik ‘frantses’ hitzarekin, baina bai Xabierreko Frantses edo Frantziskorekin). Euskal liturgiaren ontzaileetarik ere izan zen Emil. Horretaz mintzarazi ditu Giovannik Belokeko fraide-etxeko Martzel eta Ignace Etxehandi beneditarrak bai eta Lapurdi Irratia zuzentzen duen Alexandre Aguerre ezpeletarra, Ipar Euskal Herriko koralez ere arduratzen dena. Eta azkenik, Giovanni Prinelliren lekukotasuna dugu zabaltzen, honek kontatzen digu nola sartu zen harremanetan Emilekin eta nola ari izan zen Emilen kantu zenbaiten musikatzen.
Zein da liburu honen bitxitasun edo balio nagusia?
Uste dut euskaltzaleentzat, euskara maite duten guzientzat, liburu hau zinez perla bat dela, altxor oso polita, menditik zurrustan heldu den ur fresko edangarria. Gizon baten biziaz haratago, gizon horrek euskararentzat zaukan amodioa du liburuak aitzinean ematen.