Pandemiaren eraginez, atzerapen nabarmena izan du aurten Sarako Idazleen Biltzarraren 37. ahaleginak, eta azkenik igande honetan egingo da, irailak 6 dituela, ohiko lekuan. Urtero lez, bertan izanen da Euskaltzaindia, jendaurrean lau liburu aurkezteko prest. Hona hemen argitalpenen zenbait xehetasun, labur-labur emanak:
Euskal Literaturaren Antologia. Testuak eta argibideak 2. Errenazimentutik Ilustraziora. XVII eta XVIII. mendeak
- Prestatzailea: Karlos Otegi
- Generoa: Literatura
- Sinopsia: Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) babesarekin publikatu da liburu hau. Antologiaren bigarren liburuki honetan ere, helburu nagusia garaiko -oraingoan XVII eta XVIII. mendeetako- euskal literatura-testurik onenak hautatzea, egokitzea eta argibidez hornitzea izan da. Lana bost zatitan dago banatua: poesia, prosa, antzerkia, gutunak eta paremiak.
Adrien Gachiteguy: Laborantza. Laborantzatik hobeki bizitzeko
- Prestatzailea: Henri Duhau
- Bilduma: Euskaltzainak 30
- Generoa: Biografia
- Sinopsia: 1963an Adrien Gachiteguyk laborantzatik hobeki bizitzeko argitaratu zuen liburua aurkeztuko digu Henri Duhauk. Horrekin batera, zein testuingurutan argitaratu zen ezagutzeko sarreratxoa eta lekukotasun zenbait erantsi ditu. Garai hartan giro berritzailea bizi baitzen Iparraldean, ‘kolore’ guztietako jendea biltzen zuena. Kristauak baina zenbait agnostiko ere tartean. Eta beneditarrak mugimendu horren erdian zebiltzan, sustatzaile, bai euskara mailan, bai ekonomia alorrean, Euskal Herria ahantzi gabe. Hiru ezaugarri horiek biltzen dira Gachiteguyren baitan: beneditarra, laboraria eta euskalduna. Bukaeran, Gachiteguyren euskara hobeki ulertzeko hiztegitxo bat erantsi digu Duhauk.
Eñaut Etxamendiren obra narratiboa (1964-2011): hurbilpen kritikoa
- Egilea: Itziar Madina
- Bilduma: Iker 37
- Generoa: Literatura
- Sinopsia: Etxamendiren narratiba gutxi -ez bada gaizki- ezagutua da gaurko Euskal Herrian. Hutsune hau ahal den neurrian betetzeko, Etxamendiren narratibaren nolakotasunak eta Etxamendiren euskal literaturaren baitako ibilbidea aztertzen dira liburu honetan.
Emil Larre 1926-2015: lekukotasun, kantu eta idazki
- Prestatzailea: Peio Jorajuria
- Generoa: Biografia
- Sinopsia: Liburu honetan, Emil Larrek Herria astekarian idatzitako ehun editorial hautatu dira, 1980 eta 1990 bitartekoak. Halaber, mezatarako idatzi zituen hainbat kantu bildu dira. Emil Larre (1926-2015) Baigorrin jaio zen. Labur esanda apaiz, euskaltzale eta bertsozale sutsua izan zen. 1951n apaiztu zen eta Ipar Euskal Herriko hainbat herritan erretore jardun zuen. 1969tik 2003ra Herria astekariko zuzendaria izan zen. 1969an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1975ean euskaltzain oso. Ibilbide luze hau hobeki ezagutzen lagunduko digute sarrera testuak idatzi dituzten lagunek, hain zuzen, Mixel Oronos, Jean-León Larre, Janbattit Dirassar, Peio Jorajuria, Jean-Mixel Barbier, Andres Urrutia, Jean-Louis Harignordoquy, Joxe Mari Iriondo, Frantxua Juanicotena, Jean-Baptiste Louis Etcharren eta Giovanni Prinelli.