Nola egin zenuten aurkikuntza bitxi hau?
SAGRARIO ALEMAN: José Agerreren liburuaren berri, orain urte zenbait, Bidador berarengandik izan genuen, Arturo Campión euskaltegiak antolatutako hitzaldi batean aipatu baitzuen Bidadorrek Agerrek idatzitako Arturo Campiónen biografia aztertzen ari zela. Bidador hil eta urte batzuetara adiskide batengandik jakin genuen haren paperen artean aurkitu zutela Bidadorrek Agerreren liburuan oinarrituta prestatuko lana. Eta Bidadorren alargunak, Idoia Sarak, helarazi zigun, adeitsu, eskaera egin orduko. Agerreren beraren liburua, ordea, zoritxarrez, ez dugu osorik aurkitu, Bidadorrek bere lanerako behar ez zituen zati zenbait kenduak baitzituen.
Biografia matrioxka gisakoa dela aipatzen duzue hitzaurrean. Berrikuntzarik badakar? Campióni buruz badira beste lanak; esaterako zuek hitzaurrean aipatzen dituzuenak: José Javier López Antonen eta Emilio Majueloren lanak. José Agerrerena hauen osagarria izan daiteke?
PATXI ZABALETA: José Agerrek idatzitako Arturo Campiónen biografia Joxemiel Bidadorrek ‘moldatu’ egin zuen. Gure eskuetara moldatutako bertsio hori besterik ez da iritsi, nahiz jatorrizko testua bilatzen saiatu ginen, eta bertsio hori da Euskaltzaindiak argitaratu duena, Bidadorren beraren aurkezpenarekin eta Sagrario Aleman eta bion hitzaurre laburrarekin batera.
Bidadorrek aurkezpenean, Jose-Javier López Antonen biografia aipatu ez ezik, aintzat hartzen du bere azterketaren atal batzuetarako. Beraz, nahiz jatorrizko Agerreren biografia López Antonena baino lehenagokoa izan, argitaratu dugun bertsio moldatu hau ondorekoa da. Majueloren idazlana, berriz, ez da zehazki biografia, baizik azterketa bat: La idea de la historia en Arturo Campión. Hau da gaur-gaurkoz Arturo Campióni buruz egindako ikerketa luzeetan azkenekoa, baina badago bibliografia zabala, ugaria eta aberatsa, López Antonen liburuan eta gaurkotuagoa Majueloren obran. Hortaz, Agerreren idazlan moldatu hau argitaratzeak gehiago du lekukotasunetik berrikuntzatik baino.
Arturo Campiónen biografia moldatu honen edukiari dagokionez, azpimarragarriena da bi atal besterik ez direla aztertzen; lehenengoan Arturo Campiónen literaturako lan ezberdinak; eta bigarrenean, berriz, politikaren inguruko eztabaida zehatz batzuetan; foruen galera, eta Nafarroako agerkarien edo periodiko eta egunkari berrien sorreraren aurrean euskal indarrak elkartu beharra… Baina ez bestelako zertzeladarik. Eta hori, jakina, ez da biografia bat.
Zergatik aipatzen dugun matrioxkaren adibidea hitzaurrean? Bada, hara, Agerrek Campiónen biografia arakatzen duelako liburutxo honetan; eta Bidadorrek, aitzakia horretaz baliatuz, Agerreren biografiaren atal batzuk jorratzen dituelako bere aurkezpenean; eta guk Joxemiel Bidadorren biografiaren zertzelada batzuk aipatzen ditugulako.
José Agerre euskaltzaina izan zen, baina zehatz-mehatz zein izan zen haren ekarpena euskalgintzan?
P. Z.: José Agerre 1919an izendatu zuten euskaltzain; hain zuzen ere, Euskaltzaindia lehenengo lau kide izatetik hamabi kide izatera igaro zenean. Beraz, Agerre Nafarroako bigarren ordezkaria izan zen Campiónen atzetik. Baina 1920an Sevillara joan zen bizitzera; Sevillan hamar urte luze eman zituen. Euskaltzain izateari uko zehatza egin zionik edo bota zutenik ere ezin dateke esan eta ez da inon agertzen, baina Sevillara joan zenez geroztik Akademiako partaidetza hura utzi egin zuela edo kendutzat eman ziotela agerian dago, bere ordezko bat izendatua izan zelako; hain zuzen ere, Aita Damaso Intza.
1931n, Iruñera itzuli zen, EAJ-PNV alderdiak bere agerkarietan ardura gorenak emanda. Lehenago ere, 1918-19 urteetan Napartarra (1913-1919) alderdi horretako aldizkariko zuzendari aritua zen. Itzuli eta berehala, 1931n bertan, Amayur aldizkariko (1931-1936) zuzendari hasi zen eta hurrengo urtean, 1932an, alegia, La Voz de Navarra egunkariko zuzendaritza eman zioten; eta ardura eta zeregin horretan iraun zuen, gerrak eztanda egin eta periodikotik bertatik preso eraman zuten arte, 1936ko uztailaren 19an, egun horretan ere, gerra hasi eta biharamunean alegia, atera egin baitzuten egunkaria oraindik.
Azpimarratzekoa da, Arturo Campiónek ez bezala, José Agerrek bizitzako azken urteetan eman ziola euskaraz eta literaturaz idazteari. Arturo Campiónek 30 urte baino lehen idatzi zituen ezagutzen zaizkion euskarazko idatzi urriak eta bere Gramatika erraldoia ere bai. Iruñeko Udalak Joxemiel Bidadorrek berak egindako olerki bildumarekin osatutako liburu dotore bat argitaratu zuen: Jose Agerre Santesteban. Gerra ondoko olerki-lanak (1949-1962) izena duena.
Badirudi Agerrek ez zuela Campiónen biografia hau publikatzeko idatzi. Badakigu zergatik? Horrek are bitxiago egiten du liburua?
SAGRARIO ALEMAN: Agerrek argitaratzeko idatzi ez bazuen ere, Campiónen biografia hau interesgarria da oso, Campión ezagutu zuen batek idatzia delako. Zuzeneko testigantza ematen digu, arras objektiboa izanen ez bada ere askotan, Agerrek Campión miresten baitzuen. Geroztik, Campióni buruz asko idatzi dute, ez ordea, bizirik ezagutu zutenek.
Zergatik idatzi zuen Agerrek gero ez argitaratzeko? Idatzi zuenean Campión hila zen eta haren goraipatzeko, omenaldi gisa beharbada? Ondorengoek jakin zezaten nor izan zen Campión?
Agerrek biografia hau idazteko erabili zuen ohar-koaderno bat aurkitu duzue, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan dagoena. Bestelako aurkikuntzarik eta ikerketarik egin duzue liburu honen inguruan?
PATXI ZABALETA: José Agerrek prestatutako ‘kanpo kuadernoa’ eta Joxemiel Bidadorrek antolatutako ‘Campiónen Biografiaren’ arteko konparazioa eginda, berehala agerian gelditzen dena da bien arteko koherentzia eskasa. Badirudi Bidadorrek aldaketa handia eta sakona egin ziola. Zergatik? Agian berak hitzaurrean esaten duen bezala, Agerrek Campióni zion miresmen neurrigabeak biografia beharrean ‘hagiografia’ bat egitera bultzatu zuelako.
Eta Joxemiel Bidador euskaltzale nafarrak bildu zuen lana, bere ekarpena eginez. Nolakoa da ekarpen hau?
P. Z.: Bidadorrek bukatu gabeko lan baten aurrean gaudela dirudi. Baina dena dela, oso argigarria gertatzen da Agerreri buruz Bidadorrrek moldatutako biografiak alde batetik eta Agerrek prestatutako ‘kanpo-kuadernoak’, bestetik, daukaten alde handia. Agerrek biografia osoa egiteko asmoa zeukan, baina ezin dugu jakin egin zuen ala ez. Aldiz, Joxemiel Bidadorrek soilik bi atal hartu zituen Agerrek egindako guztitik; berari gehienik interesatzen zitzaizkion atalak alegia, hau da Arturo Campiónen literaturako lanak eta bere jokabide eta pentsaerari buruzkoak.
Hau da, Agerreren jatorrizko idazlana eskuetan eduki gabe ezin dugu konparaketa zehatzik egin; eta, geroz, ezin dugu ondorioztatu zer eta zenbat aldatu, erantsi edo kendu zuen Bidadorrek.
Agerre eta Campión, bi-biak miresten zituen Bidadorrek. Zergatik bi hauek?
P. Z.: Miretsi hitzak ez du Bidadorren ikuspegia ongi adierazten. Bidador ikertzailea zen, batez ere; eta ikertzaileari berezkoa zaio kritikoa izatea eta aintzat hartzea edo arbuiatzea aztertuaren ekarpenak, asmaketak, akatsak edo hutsegiteak. Campión eta Agerre XX. mende hasieran garrantzitsu izan ziren Nafarroan eta Euskal Herri osoan, edonolako miresmen edo gorrototik at.
Agerreren gogoeta batzuk kendu zituen Bidadorrek. Zergatik?
P. Z.: Bidadorren ustez, Agerrek miresmen handiegia zion Campióni. Horregatik, azterketa egin beharrean, gorazarrea egiten zuen eta Bidador hori zuzentzen, moldatzen eta txukuntzen saiatu zen.
Biografia gaztelaniaz idatzita dago. Zergatik?
P. Z.: Agerrek bere lanbidea gazteleraz garatu zuen, nahiz eta bizitzako azken laurdenean euskaraz, batik bat, olerkiak, egiten ahalegindu. Joxemiel Bidador, aldiz, elebidun peto-petoa zen; eta euskara erabili zuen Agerreren euskarazko olerkiak argitaratu zituen liburuaren hasieran, Agerrez egindako azterketa kritikoan. Beraz, Campiónen biografiaren kasuan gaztelera erabiltzea, idazlana bera hala dagoelako izanen da seguru aski.
Bidador nor izan zen gogoratzea ere bidezkoa da. Nor izan zen Bidador eta zer egin zuen Nafarroan euskararen alde?
SAGRARIO ALEMAN: Joxemiel zerbait izan bazen, ikertzaile izan zen. 36ko gerraren aurretik, XX. mendeko lehen hamarkadetan Iruñean euskal idazleak izan zirela, euskaraz idazten zuen jendea bazela agertu nahi izan zuen, eta horretarako garai hartako kazetak begiratu zituen. Inork gutxik ezagutzen zituen idazleen berri eman zigun. Dibulgatzaile izan genuen Joxemiel.
Aipatu gabe ezin utzi, Bidadorrek erdaraz argitaratu zuen Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra, Nafarroan euskarari bizkar emanda bizi diren horiei erakusteko euskarak ere tokia izan duela literaturan, euskara Nafarroako hizkuntza izan zela eta badela.
Gainera, hil ostean pastoral bat eskaini zioten Iruñean, hain zuzen, 2015ean. Neurri batean, horrek adierazten du Bidadorren pisua nafar euskalgintzan, ezta?
S. A.: Esan bezala, Bidador ikertzailea eta dibulgatzailea izan zen, eta aditzerik ere izan ez genuen hainbat euskal idazleren berri eman zigun. Berak ere beste hainbeste merezi zuen.