Euskaltzain oso zaitugu uztailaren 17tik. Nola hartu duzu albistea?
Aski kontent erran beharko. Euskaldun batendako ohorea da, baita ardura ere, euskaltzain izatea eta are handiagoa oso izatea.
Dena den, zuk 2000. urte ingurutik ezagutzen duzu Euskaltzaindiaren barne-jarduna. Noiz eta nola hurbildu zinen Akademiaren ingurura?
2000. urtean izan nuen lehen hartu-emana Akademiarekin. Jagon Saileko Corpus batzordeko kide izendatu ninduten 1999ko azaroan. Eta ordutik gaur arte hortxe segitzen dut.
Baztango euskara aztertu duzu, batik bat hiztegia. Zein da lan horrekin ikasi duzun gauzarik garrantzitsuena?
Resurrección María Azkuek bi laguntzaile fin eta fier izan zituen Baztanen: Juan Cruz Goienetxe eta Juan Bautista Gorosurreta, biak Amaiurren apez egondakoak. "AN-b" markarekin ageri dira hiztegian haiek bildu hitz eta adibideak. Urte poliki geroago, 1995ean, Mariano Izeta elizondarrak atea jo zuen Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusian. Baztango Hiztegia besapean etorri zen. Idazmakinaz izkiriatu orri haiek ordenagailura pasatzea izan nuen lehen lana eta, gero, hitz haiek hiztegi elebidun bilakatzea: Baztango euskaratik abiatuta euskara baturako bidea egin zen.
Azken urteotan Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako agiri zaharretako zenbait toki-izen eta etxe-izenen inguruko lanak argitaratu ditugu Andres Iñigok eta biok, oinarri hartuta, bertzeak bertze, Patxi Ondarra kaputxino eta euskaltzain zenak aurkitu zuena Borda-Ubillos familiaren fondoan, Baztango Udaleko Artxiboan eta Aita Donostia Fondoan. Maistru ona izan dut Andres. Bai, alafede.
Nafarroan ordezkariorde zara. Horrek zer nolako ardurak dakartza?
Akademiak ordezkariak ditu Araban, Gipuzkoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Zenbaitetan ordezkariordeak ere izan ditu eta, halako batean, orain dela bi urte inguru ni izendatu ninduten Nafarroarako. Ordezkaria ez dagoenean, ordezkariordeari dagokio Akademia gizartearen eta erakundeen aitzinean ordezkatzea. Zorionez gutitan tokatu zait halako lanik egin behar izatea, Andres Iñigo ongi baino hobeki egiten ari baita lan hori.
Euskaltzaindiko edozenbat batzordeko kide zara (Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatika eta Onomastika) eta, orobat, HIZBEA zerbitzuaren arduraduna. Lan faltarik ez duzu izanen, beraz. Dena den, non ikasi duzu gehien?
Ez dut batzorde edo lantalde batzuetan gehiago edo gutiago ikasi. Erranen nuke denak osagarriak direla eta haietan denetan hizkuntza, euskara, dela ardatz. Halaxe gertatzen da arlo hauek guziak lantzean: euskalkiak, euskara batua, euskararen gramatika, Euskal Herriko onomastika (leku-izenak, pertsona-izenak, etxe-izenak...), hizkuntza-zuzenketa...
Era berean, zein batzordetan disfrutatu duzu gehien?
Ezbairik gabe, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lantaldean, Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordean eta Onomastika batzordean. Nolanahi ere, Euskalkien lantaldean eta Gramatika batzordean ikasitakoa ere lagungarri eta aberasgarri gertatu zait gainerakoetan.
Aurrerantzean, zure zereginak aldatuko dira?
Ez dakit. Ikusteko dago. Hilabetean behin Osoko bilkura izan ohi da eta hartan hartzen diren erabakien parte izanen naiz hemendik aitzina. Erantzukizun gaitza, zinez.
XXI. MENDEKO EUSKALTZAINDIA
Nola ikusten zenuen Euskaltzaindia orain dela 20 urte eta nola gaur egun, hurbiletik ezagutu ondoren eta euskaltzain oso izendatu zaituztenean?
Euskaltzaindia anitz aldatu da azken hogei urte hauetan. Gizartea, bizimodua... aldatu dira, baita Akademiaren jarduna eta lan egiteko modua ere. Erraten ahal dut lan egiteko modua modernizatu dela, egungo egoerara egokitu dela eta horren lekuko, jakina, gizarteratzeko egin duen eta egiten ari den lan gaitza.
Euskaltzaindiak mendeurrenaren hasierako ekitaldian plazaratu zuen Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE). Handik 14 hilabetera kaleratu zen 3. argitaraldia; lan horrek duen interes praktikoaren seinale ezin hobea ematen duenez. Hala ere, zenbaitek diote ez dela aski hedatu euskara ikasten eta ekoizten den sare sozial eta guneetara. Nola indartzen ahal da bide hori?
Nire ustez, Euskara Batuaren Eskuliburuak hutsune bat bete du egiten ari garen euskara batuaren eremuan. Lehenagotik arauetan, hiztegian, onomastikan... eman informazioa modu argi, didaktiko eta ulerterrazean erakutsi du eta, beharraren beharrez, erakunde publiko batzuetan egindako lanetatik ere edan du. Informazio praktiko eta zehatza ematen ahalegindu gara batzordean. Aski ezaguna da, eskuarki, liburuaren paperezko edizioa eta sareko edukia, eta sare sozialetan horren berri eman dela ere bai. Gehiago egiten ahal dela, bai naski. Ez da behar adina hedatu, ikastetxeetara, administraziora eta komunikabideetara batik bat. Eta egoki litzateke, nire ustez, Euskal Herriko administrazioak dibulgazio-lan horretan gehiago inplikatzea.
Hala ere, iruditzen zait euskaldunok (batzuek segurik) ez ditugula baliabide informatikoek ematen dizkiguten baliabideak behar bezala aprobetxatzen. Informazioa bilatzen ere ikasi behar dugu, zernahi eta askotarikoa baita Akademiaren sarean dagoena. Badakit errazagoa dela zalantza galdetzea eta ez “denbora galtzea” zalantza hori argitzen. Bilaketak beti ematen ditu espero ez diren emaitzak. Eta hori beti da aberasgarri.
Euskaltzaindiak ospatu berri du bere 1. mendeurrena eta zu zara 2. mendeurrenean izendatutako lehenbiziko euskaltzain osoa. Zer indartu edo areagotu beharko luke Akademiak mende berri honetan, ondorengo 20 urtetan esaterako?
Galdera handia da hori. Eta erantzuna ez dago nire eskuetan bakarrik. Hasteko, Akademiak lau urtean behin Barne-jardunaldiak egiten ditu eta haietan ondoko lau urtetako lanen plangintza egin ohi da. Erraterako, 2021eko udaberrian erabakiko da, nagusiki, 2021etik 2024ra bitartean zer lan eginen den Akademian.
Nafarra eta euskalduna izanik, nola ikusten duzu gure hizkuntzaren egoera Nafarroan? Non eragin behar dela uste duzu? Nola?
Egia erran behar badizut, ez da nahi bezain ona, baina, aldi berean, ez gaude ezta hondamendiaren atarian ere; euskara ez da oraino galbidean, salbuespenak salbuespen. Ezagutza eta erabilera nahitaez handitu behar dira. Dena dela, baitezpadakoa da euskararen aldeko lanak emendatzea eta erakundeek aldeko politika indartsuagoa bultzatzea. Nafarroako euskaldunok ez ditugu euskaldun ez diren nafarrek dituzten hizkuntza-eskubide berberak, ezta gutxiago ere. Lan handia egin behar dugu, baina ezin dugu dena herritarraren ekimenera mugatu. Euskarari buruzko Foru Legearen arabera, euskara eta gaztelania Nafarroako berezko hizkuntzak dira, baina gaztelania da soilik hizkuntza ofiziala Nafarroa osoan eta euskara bakarrik zenbait eremutan. Bereizketa hori bazter utzi beharko litzateke eta horren arabera egokitu edo berregin indarrean dagoen lege osoa.
Itzultzailea zara ofizioz. Atxaga -eta ez bakarrik Atxaga- kezkatuta ikusi dugu sarritan euskarazko itzulpenen kalitatearekin, beren-beregi administrazio ezberdinetan egiten direnekin, ulergaitzak direla esanez. Berdin pentsatzen duzu edo ez da hainbesterako?
Denetarik dago itzulpenean. Hogeita hamar urte luze daramatzat ofizioan eta erraten ahal dut azken urteotan anitz hobetu dela euskarara egiten dena. Oro har, itzulpena kalitatezkoa da, bai administraziokoa, bai literaturakoa, bai gainerako arloetakoa. Baina, aldi berean, erran behar da gehienetan presaka dabilela itzultzailea, azken orduan emandako eskaerak atzoko nahi izaten dituelako buruan gaztelania bakarrik duen politikariak edo agintariak eta, nahi baino gehiagotan, abiaburuko testuaren hizkuntza-kalitatea ez da nahi bezain ona izaten eta testu horren erranahia zein den jakiten denbora galtzen dugu. Itzultzeari, beraz, abiaburuko hizkuntza ulertzeko zailtasuna gehitu behar zaio.
Bestalde, itzultzaileok ahalegindu behar dugu testu guziak berdin ez itzultzen, zenbait dibulgazio-testuri testu administratiboen kutsu nabarmenegi hori kentzen, testu batzuek duten itzulpen-usain hori kentzen, alegia. Eta hori ez da beti itzultzailearen errua izaten, maiz aski gaztelaniaz pentsatutako goiburuak euskarara itzuli behar izaten ditugu, hasmentatik gaztelaniarako eta euskararako balioko duen goiburu bakarra pentsatu beharrean.
EUSKALKIAK ETA EUSKARA BATUA
Joan Mari Torrealdaik, azkeneko idazkietan bereziki, kezka bizia agertu zuen euskara batua edo estandarizatua, hainbeste kostatako bidea egin ondotik, jasaten ari den ‘moda faltsuaz’. Alegia, euskara jasoan idatzi beharrean, gero eta ugariago direla tokian tokiko fonetismoei, txokoko kontrakzioei eta abarri presentzia ematen ari zaizkien idazkiak, konturatu gabe gure hizkuntza salbatu nahi badugu, aberastea eta zor zaion duintasuna eta prestigioa ematea dela bide bakarra, gure artean eta mundu zabalaren aurrean. Nafarroan ere ematen ari da ‘moda’ hori?
Ez zebilen oker Joan Mari, ez horretan ez bertze zernahi arlotan. Nafarroan ere gertatzen da hori, bereziki herri euskaldunetako herritar batzuek prestatutako informazio-orrietan, besta-programetan... Nik dakidala, Administrazioan ez da halakorik gertatzen, ez behintzat agerian.
Gogora ekar dezadan hona Euskaltzaindiak 2004an araua eman zuela gai honen gainean, Adierazpena, euskalkien erabileraz irakaskuntzan, komunikabideetan eta administrazioan izenekoa. Arau horretan argi eta garbi erraten da, 1979ko adierazpen bat gogora ekarriz, <<badela euskara bakar bat euskalkien ñabardurak estaltzen eta itxuraldatzen ez duena>>. Halaber, adierazten da euskara batuak eta euskalkiek hizkuntzaren azpiegitura eta ortografia bera izanen dutela.
Hala, konprenitzekoa dateke nork bere hizkeran idaztea sare sozialetan eta bere ingurukoekiko harremanetan –hor idazten duten batzuek ez dakite bertzela idazten, ez baitaude alfabetatuak, baina gero eta gutxiago dira; azken belaunaldietako gazteek ez dute inolako arazorik izan behar euskara batuaz idazteko, eskolan alfabetatu baitira–, horregatik zail gertatzen da halako testuak ikustea testu horien hartzaileak ez direnean bakarrik ingurukoak edo herri berekoak. Euskara batua ez da zaku hetsi eta hertsi bat; euskara batuan tokia dute euskalkiek eta herri-hizkerek (aski da ikustea zenbat hitzek daramaten euskalki-marka Euskaltzaindiaren Hiztegian). Ez da inola ere debeku euskalkietako hitz eta lokuzio horiek euskara batuan erabiltzea, ez idatziz, ez ahoz. Beraz, norberak bere hizkerako edo euskalkiko hitzak eta lokuzioak idazkietan erabiltzen dituelarik, forma eta grafia zuzenean erabili behar ditu euskara hizkuntza duin eta prestigioduna izatea nahi badugu segurik.