Sarritan entzun izan dugu ahoskerak ez duela horrenbesteko garrantzirik. Zuk, jakina, bestelako iritzi bat izanen duzu, ezta?
LOURDES OÑEDERRA: Entzun izan dugu, bai, garrantzi gutxikoa dela (edo, behintzat, hizkuntzaren beste osagai batzuek baino garrantzi txikiagoa duela), zaila edo ezinezkoa dela ahoskera ikastea, irakastea, (nahita) aldatzea… Neurri batean, elkar hartuta daude uste horiek biek eta, batez ere, esan beharra dago biak ezezkoak direla.
Hortaz, zer eskaintzen du ahoskera zuzenak? Zer ematen dio hiztunari?
L. O.: Ahoskera dugu hiztunak bere hizkuntza gaitasunaz ematen duen lehenengo itxura. Hori dela eta, ikasten ditugun hizkuntzak egoki ahoskatzeak ziurtasuna ematen digu hiztunoi.
Garrantzi izugarria du, beraz…
L. O.: Jakina. Dena da ahoskera: hizketan (eta hizketa da hizkuntzaren agerbiderik behinena), dena ahoskatu egiten da, guztia hots bihurtzen dugu. Ahoskerarik gabeko hizkuntza bakarrak hildako hizkuntzak dira.
Non eragiten du ahoskerak?
L. O.: Hizketan ari denean norbait, esaten duena ulertzen ez bada ere, jaramon egiten ez bazaio ere, ahoskera hautematen da, eta ahoskerak eragina du bai ulermenean bai kasu egite horretan ere.
Ildo horretan, zeintzuk dira Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordearen lan-ildo nagusiak?
L. O.: Bi dira nagusiki: euskalkien eta batuaren arteko uztartzea, eta hizkera-maila edo erregistroak.
Hizkera-maila diozunean, zertaz ari zara?
L. O.: Euskaldun berri deiturikoen ahoskera euskaldun zaharrena bezain aberats izan dadila. Eta, era berean, euskara txikitatik dakigunon hizkera zaindurako bidea ematea, alegia, nola urrutiratu euskalkitik baturantz hizkera zaindu estandarra sendotzeko egoerak hala eskatzen duenean.
Eta nola ikasten edo hobetzen da?
L. O.: Ahoskera ezin da gramatika edo hiztegia bezala ikasi. Gertuago dago dantza edo kantatik: ez da gramatika bezala memoriaz ikasi beharrekoa. Horren harian ematen diren arauek malguak eta alor askokoak izan behar dute.