a) Euskal kulturgintzako erraldoia izan dugu Joan Mari Torrealdai, egile eta eragile: kazetari, ikertzaile, idazle, kudeatzaile; eta bere ibilbide osoaren eta ekimen guztien ardatzean, Jakin aldizkaria, 41 urtez kudeatu zuena, zuzendari bezala, eta 6 urtez babestu duena Jakin Fundazioaren lehendakari gisa. Horren ia 60 urteko ondarea jende gazte eta prestuaren esku uztea ereduzkotzat estimatu zuen gure gizarteak.
b) Euskaltzain urgazle gazte-gaztetatik, eta euskaltzain oso azken hamaika urteotan, euskara batuaren bultzatzaile eta praktikatzaile izan zen lehen Euskal Idazleen Elkartean eta Jakin aldizkarian, Arantzazuko 1968ko batasun-kongresuaren aurretik; eta gero beti Euskaltzaindiaren batasun bidearen babesle eta jarraitzaile zintzo.
c) Euskal kulturgintzaren autonomia defendatu izan du, indar osoz: agintari politiko, militar nahiz erlijiozkoen aurrean, baita ideologia eta erakunde politikoen aurrean ere. Gure Herri honetako paradoxak tarteko, sarritan mingarriak eta ankerrak, ETAren zerbitzuko salatuta atxilotu zuten Euskaldunon Egunkariaren auzian. Ondo dakigunez, absolbitu egin zuten (zituzten) tribunalek, baina urte askotako minak eta saminak jasan eta buruhauste askori erantzun beharrean ibili ondoren.
Paulo Agirrebaltzategi (Ohorezko euskaltzaina)