Euskarari bizia eman diola erran dut. Osoki eman dio, eta hizkuntzaren bitartez Euskal Herriari, ezen borroka horrek azkenean bizia hartu dio, laburtu, azkenean kendu, ez lanak higatu duelakoan, maite den lan onak ez baitu higatzen, baina lan horren aurka jasan duen eraso maltzur eta bortitzak ezin sendatuzko zauri bat egin diolako. Egunkaria dakigun bezala etsaiak hetsi ondoren, Joan Marik berak bekoz beko salatu zigun etsai horrek zein gogorki kuestionatu zuen, eta nola tratamendu zital horren jarraian bere sakonean halako arraildura bat bezala sortzen sentitu zuen. Haatik ez zuen amore eman, ez zuen etsitu, eta bururaino jarraitu du lanean, euskararen zerbitzuko, Euskal Herriaren eta herritarren alde.
Ohore beraz armarik gabeko gudari garbiari, borrokan azkeneraino eutsi duenari. Puska bat zaharrago naizen honek gogotik erran nezake, gezur izpirik gabe, goizegi joan zaigula. Haatik esperantza bihotzean erraten dizut Joan Mari laguna, deus ez da hor bukatzen, gure lanak ere darrai, eta ikus arte, betiereko Monte Perdidon".
Jean-Louis Davant (euskaltzain emeritua)