Joan Mari Torrealdai Nabea euskaltzain emeritua Foruan, Urberuaga auzoko Mosone baserrian jaio zen 1942ko azaroaren 24an, Atxeta kobazuloaren aurrean. Filosofia eta Teologia ikasketak egin ondoren, Zarauzko Eskola Profesionalean irakasle izan zen urte batez, eta 1968-1969 urteetan Jakinaldizkariaren zuzendaria izan zen, galarazia izan arte. Okzitaniako Tolosara jo zuen gero goi-ikasketak egitera, Teologiako Lizentziatura lortu zuelarik 1972an, eta urte berean Pariseko Alliance Française-n hizkuntza frantseseko Diplomatura lortu zuen, eta bertako Institute d’Etudes Sociales-en Gizarte Zientzietako Lizentziatura (1975). Orduan izan zen euskaltzain urgazle izendatua.
Goi-ikasketak egin bitartean, eta gero ere bai, ingelesa ikasi zuen Ingalaterran, Canterburyn (1973) eta Londresen (1974-1976), Danlingua akademian. Parisetik itzulita, Anaitasuna hamabostaldiaren zuzendari izan zen eta gero Soziologia irakaslea Deustuko Unibertsitatean (1991-93). Doktoretzako ikastaroak eman zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta Deustukoan, eta Mondragon Unibertsitatean irakaslea izan zen 1998-1999 ikasturtean. Irakasle jardunak ez zion oztoporik jarri liburu eder bezain baliotsua kaleratzeko, hots, Euskal idazleak gaur (1977), antologia ilustratua une hartako euskal idazleen berri adierazteko, Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) idazkaria izan zelako orduan.
Halanda ze, Euskalgintzako gizon erraldoi honek liburugintzan eman zituen orduak eta egunak. Frantziatik zebilela Iraultzaz liburua argitaratu zuen (1973), eta Euskal Herrira itzulita 1985ean Informazio Zientzien Lizentziatura burutu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean; ikasketen ondorio gisa, Euskara eta Euskal Telebista liburua kaleratu zuen. Deustuko Unibertsitatean lortu zuen gero, 1991n, Zientzia Politiko eta Soziologiako doktoretza. Ikerketa asko egin ondoren publikatu zituen ondoko ikerlan hauek: Euskal Kultura Gaur. Liburuaren Mundua (1997), El libro negro del euskera (1998), La censura de Franco y los escritores vascos del 98 (1998) eta Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura, 1936-1983 (2000).
Bibliografian ere sartu zen bizkaitarra. Azken 35 urteotan milaka fitxa bete eta taxutu ditu, eta 1993-2001 bitartean eman zigun bildutako ondorioa bost liburukitan, izenburu honekin: XX. Mendeko euskal liburuen Katalogoa, 2.000 orrialde betetzen dituen lan mardula.
Torrealdai urteetan aritu izan da euskalgintzan eta kulturgintzan: esan bezala, Anaitasunako zuzendaria izan zen (154 artikulu idatzi zituen); Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat ere bai; Jakin aldizkarian hasi zen 1960an, zuzendaritzan hasieratik eta zuzendari 1964-1969 eta 1977-2002 bitartean; Euskal Idazleen Elkarteko idazkaria izan zen 1969tik 1977ra; Euskal Soziologoen Elkarteko idazkaria 1979tik 1980ra; 2015etik 2017ra PuntuEUS Fundazioko lehendakaria; Euskaldunon Egunkariaren Administrazio Kontseiluko kide eta lehendakaria ere izan zen, egunkariaren sorreratik bertatik. Gogoratu behar da 2003an, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren prozesuan guardia zibilek atxilotu eta espetxean sartu zutela, Administrazio Kontseiluko beste kideekin batera; orduko Espainiako Gobernuak abiatu zuen prozesua egunkaria ETArekin harremanetan egotea leporatuta. 2010ean, baina, Auzitegi Nazionalak onartu zuen Torrealdai, Otamendi, Uria, Auzmendi eta Oleaga errugabe zirela. Euskaltzaindiak Egunkariaren eta Torrealdairen alde adierazpen zabal bat egin eta argitaratu zuen Hernanin, 2003an.
Euskaltzain emeritua
2007ko azaroaren 30ean, euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta 2009ko urriaren 31n Bibliografiatik bibliotekara, esperantzari leihoa izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen bere jaioterrian, Foruan. Euskaltzaindian, Bergarako Biltzarrerako (1978) prestatutako txostenaz gain, 2009tik bereziki Azkue Bibliotekaren eta argitalpenen arloan egin zuen lan. Besteak beste, euskaltzain hauen argitalpenak prestatu zituen: Rikardo Arregi, Karlos Santamaria, Martin Ugaldeeta Luis Villasante. Gainera, Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian (2009) aholku batzordeko kidea izan zen 2009 urteaz gero. Urte horretan bertan argitaratu zen Euskaltzaindia, ekin eta jarrai liburua ere, Imanol Murua kazetariarekin batera idatzi zuena.
2017an, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zuen Patxi Uribarrenekin batera, eta 2018an, Mendeurreneko ospakizunen baitan egin zen Arantzazuko biltzarrean, Euskaltzaindiak prestatutako Euskara Batuaren Adierazpena irakurri zuen. Hamar puntutan euskara batuaren garrantzia, ibilbidea eta erronkak berresten dituen agiria irakurri zuen, berrogeitik gora eragile publiko zein pribatuk sinatu zutena.
Sari ugari jaso ditu Torrealdaik bere bizitzan zehar. Gutxi batzuk aipatzearren, Durangoko azokako Argizaiola saria (2006), Ohorezko aipamena XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian (2007), Bizkaiko Foru Aldundiaren Lauaxeta Saria (2010), Manuel Lekuona Saria (2015), Gipuzkoako Urrezko Domina, Jakin Taldearekin batera (2018)... Eta jaioterrian ere aitortu zioten aspaldi eginiko lan eskerga: 1999tik bere izena darama Foruko Kultur Etxeak.