Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak berritu egin dute 2020rako bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena. Helburua euskararen garapena, azterketa eta ikerketa normalizatzea eta horretan laguntzea da, Foru Komunitatearen berezko hizkuntzetako bat baita euskara.
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez, Euskaltzaindiak garatuko dituen proiektu eta lan hauek diruz lagunduko ditu: Euskaltzaindiaren Hiztegiaren eta Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren 2020 programan parte hartzea eta Onomastika zein Toponimiako lanak egitea. Baita Euskaltzaindiaren XXIII. Jagon Jardunaldiko lanak Jagon bilduman argitaratzea, eta Joakin Lizarraga idazlearen lexikoa ikertzea eta aztertzea ere. Foru Gobernuak 169.000 euro jarri ditu horretarako.
Gogoratu behar da duela mende bat baino gehiago, 1918an, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zela Nafarroako Foru Diputazioa. Ordutik, bi erakundeen arteko harremana mantendu da, ekimen kultural eta akademiko ugari garatu direla ordutik hona.