1969an, hau da, Arantzazuko Batzar ezaguna egin eta gero, euskaldunei batuaren beharra ulertaraztea funtsezkoa zen, ideia oker eta aurkakotasun ugari baitzegoen. 1969ko urrian, hauxe idatzi zuen Xabier Kintana euskaltzain osoak Anaitasuna aldizkarian, asmo aldarrikatzaile bezain pedagogikoarekin: “Guztiok dakigu ze problema dan euskaldunentzat, euskera bat ez egotea leku guztietan. Bizkaitar ta giputzak alkar ulertu ezinik ibilten gara sarritan; ta irakurteko bere, hainbeste oztopo aurkitzen dogu. Euskerea batu egin beharko litzake, ta honela guztiok obeto adituko geunke alkar” (Anaitasuna, 175. zbk., 1969-10).
Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxibo zerbitzuan gordetzen dira Anaitasuna aldizkariaren zenbaki guztiak (420 guztira): hain zuzen, 1.200 lankide inguruk idatzitako 6.395 artikulu. Zenbaki horietako edukiak lau modu desberdinetan sailkatuta daude: egile, gai, artikulu eta urtearen arabera.
Azkue Biblioteka eta Artxibo zerbitzuari kontsultak egiteko: info@euskaltzaindia.eus
Bilatu Bibliotekaren katalogoan: https://labur.eus/TcmwN
Bilatu artxiboaren katalogoan: https://labur.eus/rqjnO