Apirileko eta maiatzeko datuek erakusten duten moduan, COVID-19aren eraginpean, hau da, konfinamendu denboran, nabarmen igo da Euskaltzaindiaren webgunearen erabilera. Joan den urteko apirilarekin konparatuz, % 9,2 igo da erabiltzaileen kopurua, eta gorakada % 18,32koa izan da saioen kasuan.
Apirilean, orain arteko marka guztiak hautsi dira, eta % 20-30 tartekoa izan da gorakada. Erabiltzaile gehiago bai, baina, batez ere, askoz ere erabilera trinkoagoa sumatu da. Horrela, apirilean 90.812 erabiltzaile izan ditu Akademiaren webguneak, 2019an baino 10.326 gehiago (% 12,83ko igoera); erabilera-saioak 158.046 izan dira, 2019an baino 29.197 gehiago (% 22,66ko gorakada); baina ikusitako orrialdeen kopuruan antzeman da igoerarik handiena: 2019an baino 162.405 orrialde gehiago, hots, % 31,78ko igoera (guztira, 673.441 orrialde bisitatu dira apirilean).
Maiatzean, abantea apur bat uzkurtu egin da; hala ere, gorakadak % 10-15eko tarteari eutsi dio, batez ere, erabiltzaileek ikusitako orrialde kopuruari dagokionez (2019ko maiatzean baino % 15,64 gehiago).
Era berean, martxoaren 16tik ekainaren 1era, % 23,25ekoa izan da hazkundea bisita kopuruari dagokionez.
2020ko urtarrila-ekaina bitartean kontsultatu diren atalei erreparatzen badiegu, Euskaltzaindiaren Hiztegia izan da kontsultatuena (63.689 erabiltzaile eta 692.586 kontsulta); ondoren, Euskal Onomastikaren Datutegia - EODA (79.440 erabiltzaile eta 190.066 kontsulta); Orotariko Euskal Hiztegia - OEH (72.291 erabiltzaile eta 249.457 kontsulta); Euskara Batuaren Eskuliburua - EBE (6.145 erabiltzaile eta 24.298 kontsulta). Webguneko bilatzaileak ere bisita asko jaso ditu azken hilabeteotan: 41.496 erabiltzaile eta 189.816 kontsulta.
Webgunea berritu eta indartu
Mendeurrenaren baitan, webgunea berritu eta indartu zuen Euskararen Akademiak, eta Arantzazuko biltzarrean aurkeztu zuen lanabes berria, hain zuzen, 2018ko urrian. Ordutik hona, erabiltzaileen kopuruak gora eta gora egin du. Horretara, 2018an, 496.423 erabiltzaile izan zituen Euskaltzaindiaren webguneak, eta 2019an, aldiz, 800.204 izan dira (% 61,19ko igoera). Webgunea aldian-aldian berritzen eta aldatzen du Euskaltzaindiak.