Mikel Zalbide euskaltzain oso eta soziolinguistikan adituak euskara batua eta eguneroko mintzamolde arruntak zer diren azaldu eta biak uztartzeko aukerez idazten du. Uztartze hori lortu nahi bada, oinarrizko baldintza euskara bera indartzea da. Bestalde, alde formaletik, azken mende laurdenean areagotu egin dira, oro har, paper gaineko araudi hutsetik luze-zabaleko estandarizazio sozialera pasatzeko inplementazio-neurriak, eskola bidez bereziki. Aitzitik, inplementazio-lanaren oinarri diren erabilera-aukeren eta erabilera-esparruen alorrean ez da parez pareko gogoeta-lan zabalik egin. Ondorioz, tokian tokiko erabilerak bigarren maila batean geratu dira. Euskara batua hiztun-herri osoaren ikur eta batasun-indargarri da Zalbideren iritziz. Horrek guztiak euskalkien eta eguneroko mintzamolde arrunten gainetik jartzen du. Halaber, oso garrantzitsua da azalpen-prosa batu landu, erraz eta argia garatzea. Baina guztia ez da, ordea, hor amaitzen. Eguneroko mintzajardunari ere begiratu behar zaio: “Gizon-emakume arrunten aurrez aurreko jarduera xumean, eguneroko mintzajardun arruntean, oinarritzen dira nagusiki hiztun elkarte ororen bizia eta etorkizuna”.
Adolfo Arejita euskaltzain osoak gaur egungo idazle, kazetari eta itzultzaileek herri-hizkeraren baliabideak berreskuratzeko ahalegina egin beharko luketela dio, eta “konpromiso” hitza erabiltzen du. Irakurleei dagokienez, batez ere irakaskuntza sisteman, serio hartu behar dela gure literatura tradizioa hobeto ezagutzea adierazten du. Arejitak sartaldeko hizkeratik egiten du gogoeta eta kezkati samar agertzen da hizkuntzaren egoeraz. Uste du euskara idatzi eta mintzatu landuak hizkera sendoa duten hiztunak behar dituela. Horren harira, ez du sartaldean biotopo osasuntsurik ikusten: “Uribe-Butroi ingurua ahul ikusten dut, Urdaibai aldean Gernika eta Bermeo ez dira lehengoak. Durangaldeak susperraldi handia izan dut azken hamarkadetan baina Durangoko hirigunea aspaldi erdaldundua da”.
Azkenik, eta baikortasun keinu batekin bukatzeko, Adolfok ikus-entzunezko hedabideetan itxaropen handiagoa dauka: “Malgutasun gehiago erakusten dute euskararen transmisioan eta bizigarritasunean, hobeto egokitzen dira hiztunen egoeretara, eta moduren batean eredu egokia eskaintzen dute euskararen normalizazioari buruz”.
Joxerra Garzia komunikatzailearentzat euskara estandarraren eta erregistro informalen arteko harremana euskarak duen gako nagusietako bat da. Ekarpen sendoak egiteko zailtasunez jabeturik, hari mutur batzuk erakustea du helburu, horiei tiraka ondorio batzuetara iristeko asmoarekin. Kalitatea hiztunaren zerbitzura egon behar duela dio. Hiztuna eroso sentitu behar da euskara hitz egiterakoan eta horretarako batua informaltzearen alde agertzen da. Baina ez edozein modutara, erdarakadak txertatzea, hizkuntza bera zabartzea edo herri hizkeretako hitzak edonola erabiltzea bistan da desegokia dela. Beste aukera batzuk garatzearen alde dago. Hiztunak hurbiltzeko hitanoa erabiltzea oso komenigarri ikusten du, eta tradizioan barneratzearen aldeko da, baina gaur egungo premietara egokituta, oraingo hiztunak probetxu atera dakion. Beste euskalkietara jotzea ere baliagarria izan daiteke, horrek komunikazioari bizitasuna edo txantxa izaera ematen badio. Hegoaldean esker anitz, bortz eta beste hainbat hitz bide horretatik erabiltzen dira. Desegokiagoa litzateke Ipar Euskal Herriko hitzak modu pedantean erabiltzea eta komunikazioa bizitu beharrean oztopatzea. Halaber, garrantzi handia ematen dio komunikazio estrategiak baliatzeari eta horretan funtsezkotzat jotzen ditu hezkuntza eta hedabideak.
Erregistroak, aldaerak, hizkera gazteak... zer egin dezake eskolak? galderari erantzuteko lan ildo batzuk planteatu dizkigu Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoen koordinatzaileak. Oso argi adierazten du “ikastetxe barruan nahiz kanpoan nagusiki euskaraz biziko diren gazteak hezi nahi dituen eskolak, ahal duen neurrian baina ezinbestean erregistro eta aldaeren gaiari heldu behar diola”. Hezitzaileek erregistro eta aldaeren lanketa eguneroko jardunean txertatzeko dituzten baliabideetatik bi aipatu ditu: Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua eta konpetentzien bidezko hezkuntza eredua. Hizkuntza Proiektuak aukera ematen du ikastetxean sortzen diren komunikazio egoerak hizkuntzen ikuspegitik aztertu eta zenbait erabaki indarrean jartzeko, horien artean ikaskuntza prozesuetan erabiliko diren hizkuntzei eta erregistro-aldaerei dagozkienak. Ikaskuntza prozesuen esparruan, berriz, Euskal Curriculuma eta Heziberri 2020 egitasmo-ereduen ezaugarrien artean dago irakas-jarduna arazo-egoeren inguruan antolatzearena. Hots, ikasleek bizitzan topa ditzaketen arazo eta erronkei aurre egitea hezitzailearen laguntzarekin. Horien artean, arazo-egoeren lanketan zehar euskararen erregistro-aldaerak nahiz eleaniztasunaren kudeaketarekin loturiko alderdiak txertatzeko moduak daude.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle den Orreaga Ibarrak gazteen hizkeretan jarriko du arreta. Gazte hizkera asko daudela esango digu eta adierazkortasuna eta kode txandaketa lotuko ditu. Gazteen artean erabiltzen den kode txandaketa ez da arbitrarioa, ez eta zentzugabea ere. Gazteek, egoeraren arinkeria eta arduragabetasun falta dela eta, egokiago ikusten dute erregistro hori erabiltzea. Egilearen ustez kode txandaketak gazte elebidunen arteko elkartasun sentimenduak indartzen ditu.
Xabier Euzkitze komunikatzaileak esango digu badela euskara batua eta euskalkiak uztartzeko aukera. Bere aburuz, bai euskara batuan, bai euskalkietan kalitate handiko eta txarreko testuen adibide ugari aurki daitezke. Bide horretatik, euskalkiek asko aberats dezakete euskara batua, baina kontrako norabidea ez da ahaztu behar. Euskalkiak asko pobretu dira azken urteetan eta alde horretatik, gaur egun, bere euskalkian itxuroso hitz egin nahi duen gazte batek beharrezkoa du irakurzaletasuna eta ereduzko hedabideak jarraitzea. Horrela ez bada, ez du sekula egundoko, gaitzeko edo alemaleko erabiliko eta etengabe kristona esango du. Komunikazioa sustatzeko, hitanoa ere oso baliagarria dela dio. Horren harira, garai berrietara moldatzeko malgutasun apur bat eskatzen du, eta lagun artetik harago beste testuinguru batzuetan erabiltzeko aukera, adibidez, gurasoen eta seme-alaben artean.
Asisko Urmenetak bere hausnarketa «Informala = Informola?, Kolokiala = Koloniala» hitz-jokoan oinarritzen du. Euskara batuak bide bakarra garatu du, hizkera adiministratibo monokordea. Horrela gauzak, sortzaileak bide informala lantzeko arazoak izaten ditu asteburuko istorio arrunta euskara batuan kontatu nahi duenean. Horregatik zenbait proposamen egiten ditu, batez ere, euskalkietan arakatu ostean. Kasurako, gainkatu, zikotu, sakatu zein zankatu askoz egokiagoak ikusten ditu larrua jo edo txortan egitea baino. Bestalde hortera esateko askoz egokiagoa ikusten du Ipar Euskal Herrian erabiltzen den afrusa, edo cutreren esanahia bizkaierazko ugerdok hartzea proposatzen du. Asiskoren iritziz “Gazte hizkerak loratzen utzi behar ditugu, LIBERtituz eta JOLAStuz. Hori bai: arauak ezagutu egin behar dira, horixe baietz... gero arau horiek beroriek transgreditzeko”. Halaber, uste du ez dela beranduegi eta Euskaltzaindiak norabidea markatzen badu koloniotako komikilari, irakasle, esatari, itzultzaile eta beste askok jarraipena emango diote, karrika-dantza informalean.