Euskaltzaindiaren Jagon Sailak aitortua du, besteak beste, euskaldunen hizkuntza eskubideak zaintzeko eta euskararen erabilera sustatzearen alde lan egiteko ardura. Hori dela eta, euskararen garapenerako bermeei kalte egiten zaienean eta haiek kolokan jarri edota ukatzen direnean, Akademiak kezka adierazpen baten bitartez agertu izan du botere publikoen eta gizartearen aitzinean, batik bat 1976az geroztik, Euskaltzaindiari hizkuntza akademia ofizialaren izaera aitortu zitzaionetik, alegia.
Urteetan zehar emandako adierazpenen bilduma lehenbiziko aldiz 2006. urtean kaleratu zuen Akademiak liburu batean. Bigarren argitalpena, 2018koa, digitala izan zen, mendeurrenaren karietara egina. Lehenbiziko argitalpen hura osatu eta berrantolatu zen (aurkibide sailkatua eta adierazpen bakoitzaren ezaugarriak biltzen dituen fitxa bat gehituz).
Horretaz gainera, Euskaltzaindiak adierazpenen argitalpen digitala eguneratzen joateko konpromisoa hartu du eta hori da, hain zuzen ere, Jagon Sailaren Sustapen batzordeak prestatu duen 3. argitaraldi hau.
Euskaltzaindiaren Sustapen batzordea
Andres Iñigo, paratzailea