Euskaltzaindiak urtarrileko lehen Ageriko bilkura baliatu du gaur aurreko urtean hildako euskaltzainei gorazarre egiteko. Horrela, iaz zendutako Jon Lopategi, Alan Roy King, Angel Aintziburu eta Txomin Solabarrieta omendu ditu Akademiak Gipuzkoako foru jauregian. Andres Urrutia euskaltzainburuak zendutako euskaltzainek euskara eta euskal kulturarekiko erakutsi zuten konpromisoa nabarmendu du, eta goraipatu du gure hizkuntza sustatzeko guztiek egin zuten ahalegin eskerga.
Ostean, Xabier Amuriza ohorezko euskaltzainak irakurri du Jon Lopategiren hilberri-txostena; Miren Azkarate euskaltzain osoak Alan Roy King-ena; Xipri Arbelbide ohorezkoak Angel Aintzibururena; eta, azkenik, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainak aletu du Txomin Solabarrietaren biografia. Peio Ospital, Mixel Ducau eta Paul Smet musikariek girotu dute ekitaldia, hiru kantu ezagun abestuz: Arnasak gurutzatuz; Zu eta ni; eta Bake-mina.
Zendutako euskaltzainen biografia laburrak
Jon Lopategi Lauzirika (1934-2019) Muxikako Ariatza auzoko Aldauri baserrian jaio zen Lopategi bertsolaria. Hamabi urterekin sakramentinoetan sarturik, hogeita birekin utzi zion fraide izateko asmoari. 1960an hasi zen Bizkaiko bertsolari-txapelketetan parte hartzen: 1962tik 1987ra bitarteko laurak irabazi zituen. Euskal Herriko sei final jokatu zituen: 1982 eta 1986an txapeldunorde izan zen, eta 1989an txapeldun. 1965etik 1990era bitartean, bat-bateko bertsogintzaren eredu nagusietako bat izan zen Euskal Herri osoan. 80ko hamarkadaren bigarren erditik erretiratu zen arte, eragilerik garrantzitsuena eta emankorrena izan zen Bizkaiko eskolak eta gazteen bertso-eskolak sustatzen.
Txomin Solabarrieta Etxaburu (1927-2019). Ondarroako semea; apaiza; euskaltzalea, kantu eta musikazalea. Ondarroako arrantzale-familiakoa zen Solabarrieta, halako giroan hazia eta bizia, batez ere haurtzaroan; horrek arrastoa utzi zion bizitza osoan. Luis Baraiazarrak Solabarrietaren hitz hauek gogoratu ditu gaur: “Ondarroa herri kantaria izan da. Tabernetan, fabriketan... baporeetan ere bai, diotenez. Guk ume-umetatik, entzunaren entzunez, bertso zahar asko ikasi genituen eta mota askotako abestiak”. Bestelako kontuak ere nabarmendu ditu Baraiazarrak: “Herrian eta herriko kulturan sartu-sartua egon zen beti Txomin; guztiei on egiten, laguntzen. Taldelana zuen batez ere maite. Bostak battaldean, azpimarratzekoa da Txominen zorroztasun eta fintasuna eta, arlo batzuetan, batez ere (itsasoaz zerikusia dutenetan, adibidez), taldeari eman zion ziurtasuna”.
Alan Roy King LythamSt Annes-en jaio zen (Ingalaterra, Erresuma Batua), 1954ko urriaren 24an, eta Hizkuntzalaritzan doktorea zen (Londresko Unibertsitatea). Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko kidea izan zen 1985etik, eta Akademiak urgazle izendatu zuen 2003ko urtarrilaren 31n. Bere idazlanen artean daude Atalase maila (1988), The Basque language (1994) eta Colloquial Basque (1996). Gaurko ekitaldian, Miren Azkaratek gogoratu du “gramatikaz eta hizkuntzen bizitzaz arduratua eta konprometitua” egon zela beti euskaltzain urgazlea, hizkuntzekiko miresmena baitzen Roy King-en ezaugarri nabarmenetako bat. “Eta miresmenak zekarren ondoren konpromisoa. Alanek argi zuen hizkuntza batek kultura islatzen duela”, adierazi du Azkaratek. Adierazi du, baita, “Alani hizkuntzek nola funtzionatzen duten aztertzea” interesatzen zitzaiola, hau da, “gramatikak eta hizkuntzak nola irakatsi lantzea”. “Ondo-ondoan izan dugu euskara deskribatzeko ahaleginean –gehitu du euskaltzain gipuzkoarrak-; gai zen, gainera, gai edo puntu jakin bat beste hizkuntza batzuekin konparatzeko, eta, hartara, gure deskribapena aberasteko”.
Angel Aintziburu Luzaiden jaio zen, Nafarroan, 1930eko uztailaren 3an. Bere jaioterriaren inguruan idatzi zuen, kazetari jardunaz gain. Euskaltzaindiak 2014an izendatu zuen ohorezko euskaltzain, euskararen mesedetan egindako lanagatik. Aintziburuk 2002. urtean aurkeztu zuen Luzaideren inguruko lehen liburua, Luzaiden gaindi (Elkar), Jean-Baptiste Etxarrenekin batera, eta 2009an bakarrik argitaratu zuen gai berari buruzko beste lan bat, Luzaiden gaindi II (Elkar). Lan horietan, Nafarroako udalerri horren historia aztertu zuten egileek, bertako ohitura, bizilagun eta biztanle ezagunenen inguruan idatzi zutela (tartean, Juan Etxamendi Bordel bertsolariari buruz). Xipri Arbelbide ohorezko euskaltzainak Aintzibururen bestelako jardunak ere aletu ditu gaur, urte luzez kazetari lanetan ibili zela gogoratuz.Irulegiko irratian, Luzaideko berriemailea izan zen urtetan, eta, horrezaz gain, Irati irratian (Aezkoa) eta Euskalerria irratian (Iruñerria) ere jardun zuen.