Mendeurreneko egitarauaren baitan, Euskaltzaindiak LAUTAN HIRU antzerki jaialdia antolatu zuen 2019an. Lau ostegunez Bilbon antolatu zen jaialdiak izan zuen arrakasta ikusita, bigarren aldia antolatzea erabaki da. Honela, otsailaren 6tik 27ra, ostegunero, antzerkiz blaituko da Bilboko Alde Zaharra.
Euskaltzaindia da egitasmoaren bultzatzailea, baina iazko bidelagunak izango ditu aurten ere alboan, Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kulturgunearekin elkarlanean diseinatutako ekimena baita LAUTAN HIRU. Halaber, lau eragileen egoitzak izango dira antzezlanen agertokiak.
Gaurko agerpenean, Adolfo Arejita euskaltzainak egitasmoak iaz izandako arrakasta gogoratu du, eta arrakasta horren gakoa seinalatu du: “Beste behin ikusi dugu euskal kulturako eragileekin batera jokatzea onuragarria dela, ezinbestekoa. Euskaltzaindiak bere sorreratik bultzatu du elkarlana, eta etorkizunean ere bide horretatik jarraituko du”. Eta bide batez, LAUTAN HIRUren helburu nagusiak azpimarratu ditu: “Euskarazko antzerkia sustatu nahi dugu, espazio berriak eskaini euskarazko sorkuntzari, eta, bide batez, Bilboko Zazpikaleetako euskal giroa hauspotu nahi dugu ekimen zoragarri eta bizi honekin”.
Horretara, egitasmoaren helburuak ez dira aldatu:
1. Euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (lanen hizkuntza euskara izango da).
2. Antzerkilariei beren lanak erakusteko guneak eskaini nahi zaizkie.
3. Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, eta era berean Bilboko kultura aukerak zabaldu.
Formatu txikiko lanak erakutsiko dira LAUTAN HIRU jaialdian, hala iraupenari nola muntaketari dagokionez (oro har, 20-30 minutuko piezak izango dira). Hala ere, luzeagoren bat ere programatuko da (pieza hauek BIRAn eta Zazpi Katu gaztetxean eskainiko dira, azken orduko saioan), baita magia saio bat ere.
Aipatutako guneetan obra bana antzeztuko da, 19:00etatik hasita, eta emanaldi bakarra izango da leku bakoitzean.
Bonuak
Antzerkizaleek hiru pieza ikusteko aukera izango dute ostegunero, aurretik laguntza-bonua erosita (5 euro). Laguntza-bonuak BIRAn (Erronda kalea, 2) eta Euskaltzaindian (Plaza Barria, 15) salduko dira (60 laguntza-bonu guztira), astebete lehenago.
Pieza bakarra ikusi nahi duenarentzat, berriz, 2 euroko sarrerak ere egongo diragune desberdinetan, betiere bonuak ez badira agortu edo guneen edukierak aukera ematen badu.
Bestalde, egitasmoak zaleen fidelizazioa bultzatu nahi du, eta hiru antzezlanak ikusten dituztenen artean 'opariak' zozkatuko dira, astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.
EGITARAUA
Otsailak 6
19:00: Euskaltzaindia: Lolipop (Cecilia Paganini Clown)
20:00: Cafe Bar Bilbao: Salaketa (Cafe Bar Bilbao antzerki saria)
21:00: BIRA Kultura: Maixuaren edari miragarria (Ituiño magoa)
Otsailak 13
19:00: Cafe Bar Bilbao: Orbangabe —Iban Zalduaren ipuin batean oinarrituta— (Mikel Martinez)
19:45: Euskaltzaindia: Amatxik dixit (Goitibera konpainia)
20:45: Zazpi Katu: Manifestu bat (Miren Tirapu)
Otsailak 20
19:00: Euskaltzaindia: Edipo eta Yokasta (Irati Agirreazkuenaga/ Arantzazu Sanz)
20:00: Zazpi Katu: Bakean dagoena bakean utzi (Idoia Torregarai/ Mirari Martiarena)
21:00: BIRA Kultura: ETAren agiri bulegoa (Galder Perez/ Ane Zabala)
Otsailak 27
19:00: Euskaltzaindia: Baubo (Beatriz Egizabal ipuin-kontalaria)
20:00: Zazpi Katu: Panpina (Erika Olaizola)
21:00: BIRA Kultura: Hiltzen zarenean (Telmo Irureta)
+ Yogurinha Borova