Azken eguneratze handia 2007an egin zen (geroztik, hiru eguneratze txiki egin ziren: 2008an, Kosovo estatu berria sartzeko; 2011n, Hego Sudan estatu berria sartzeko; eta 2012an, Asgabat, Taxkent, Bixkek, Duxanbeeta Nuakxot hiriburuen izenen grafiak eguneratzeko, alfabeto zirilikoa eta arabiera transkribatzeko emandako arauekin bat etorrarazteko.
Oraingoan, 2007az geroztik munduko estatuetan gertatu diren aldaketak jasotzeko eguneratu da araua: estatuen izen ofizialetan gertatu diren aldaketak, hiriburu-aldaketak eta hizkuntza ofizialetan izan diren aldaketak jaso dira. Bestalde, Mendebaldeko Sahara eta Palestina sartu dira estatuen zerrendan, oin-ohar banarekin, adierazteko haien estatu-izaera ez dagoela erabat onartua nazioartean.
Berrikuntzak
Araua beste era batera antolatu da: hiriburuen zerrenda erantsi da, eskuratzeko eta kontsultatzeko errazagoa izan dadin.
Eguneratzeaz gainera, informazio osagarri gehiago erantsi da. Gaztelaniazko eta frantsesezko ordainez gainera, ingelesezko ordainak ere ematen dira orain. Eta, estatu-izenen hiru erdaretako formak ematen diren modu berean, hiriburu-izenen erdal ordainak ere erantsi dira, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, orain arte ez baitziren ematen.
Aldaketak
1- Munduko estatuen lehen bertsioa onartu zenean, 1995ean, Luxenburgoestatua izendatzeko bi forma onartu ziren: Luxenburgo eta Luxemburg. Kontuan izanik estatuen izenak erabilera-maiztasun handiko leku-izenak direla eta ez dela komeni halakoetan bi aldaera izatea —batez ere, aldaerak elkarren oso antzeko badira— eta ikusirik ezen, gaur egun, erabaki hori hartu zenetik ia 25 urte igaro ondoren, Luxenburgo aldaera guztiz nagusitu dela, forma bakarra onartzea erabaki da: Luxenburgo.
Estatu-izen ez badira ere, egoera berean zeuden Europako bost hiri hauek ere: Friburgo [Suitza], Hanburgo, Edinburgo, Estrasburgo eta Salzburgo. 1995ean argitaratutako arauan, ohar batean ageri zen forma horiekin batera Fribourg, Hamburg, Edinburgh, Strasbourg eta Salzburg ere onartzen zirela. Luxenburgorekin egin den bezala, bost horietan ere forma bakarra onartzea erabaki da: Friburgo [Suitza], Hanburgo, Edinburgo, Estrasburgo eta Salzburgo.
2- Estatuen izen ofizialetan, hiru aldaketa egin dira izendapenak modu uniformean emateko.
- Batetik, islamiar adjektiboa izenaren aurretik ezarri da sistematikoki, orain arte estatu-izen batzuetan izenaren aurrean eta beste batzuetan atzean ageri baitzen. Beraz, Afganistango Islamiar Errepublika eta Mauritaniako Islamiar Errepublika hobetsi dira.
- Bestetik, Errusia, Eslovakia, Gabon, Suitza eta Txekia estatuen izen ofizialetan, Errusiako, Eslovakiako, Gabongo, Suitzakoeta Txekiako izenlagunak hobetsi dira errusiar, eslovakiar, gabondar, suitzareta txekiar adjektiboen ordez, Afrika Erdiko Errepublika, Argentina, Frantzia, Italia, Kirgizistan, Laos, Mexiko, Portugal eta Togo estatuen izen ofizialen kasuan erabili den moduarekin bat etorrarazteko. Hau da, Eslovakiako Errepublika (lehen, Eslovakiar Errepublika), Gabongo Errepublika (lehen, Gabondar Errepublika)...
- Azkenik, federakunde/federazio bitasunaren ordez, federazio bakarrik erabiltzea hobetsi da; beraz, Errusiako Federazioa (lehen, Errusiar Federakundea), Saint Kitts eta Nevisko Federazioa bezala (lehen ere hala zegoen). Era berean, uniformetasunaren mesedetan, konfederazio hobetsi da konfederakunde aldaeraren ordez: Suitzako Konfederazioa (lehen, Suitzar Konfederakundea).
3- Aldaketa puntualak
- Afganistango hizkuntza ofizialetako bat izendatzeko, dari izena hobetsi da, eta ez persiera, zehatzagoa baita (daria persieraren aldaera bat da, Afganistanen hitz egiten den persieraren aldaera).
- Arabiar Emirerri Batuetako herritarrak izendatzeko, emirerribatuar forma luze deserosoaren ordez, emirerritar hobetsi da, “batu” hitza kenduta, gure inguruko hizkuntzetan egiten den moduan.
Exonomastika batzordea