Markina-Xemeingo karmeldarrek argitaratzen duten aldizkariaren 308. zenbakia plazaratu berri da. Ohiko atalez gain, Euskaltzaindiaren mendeurrenari tarte zabala eskaini diote oraingoan. Horrela, mendeurreneko ekitaldi eta egitasmoen berri emateaz gain, Akademiak eginiko bestelako ahaleginak erakusten dira artikuluan: esaterako, euskalgintzako eragileekin batera eginiko proiektuak, erakunde eta hedabideekin sinatutako hitzarmenak eta kultura-arloko konpainia eta elkarteekin lotutako egitasmoak. Bide batez, ehun urtetan Euskaltzaindiak ondu eta sustatu dituenak ere aletzen dira erreportajean.
Beste gai batzuk ere jorratzen ditu Karmel-ek azken zenbakian: Orixe eta urkabe-bertsoak (Jabier Kaltzakorta); Mikelestorenaren Gerura nai duenac liburuaren lehen edizioa (1749) (Patxi Salaberri); Jainkoaganako eragileak eta San Joan Gurutzeko (Luis Baraiazarra); Christus vivit (A. Olea); Biblia onuraz irakurtzeko dekalogoa (Lontzo Zugazaga); Bilboko elizbarrutia: 70 urte (Martin Orbe); Lagunaren presentzia eta figura behar ditut nik (Roman Garmendia); Domingo Garat pastorala, aro beltzak gogoan (Joseba Aurkenerena); Gau-loreak. V. kapitulua (Francisco Javier Arrieta); Joan Gurutzekoaren olerkiak: Artzaintxoa (Itzultzailea: Luis Baraiazarra); Mikel Zarate hil zanetik 40. urteurrena (Lontzo Zugazaga).
Karmelen urteko harpidetza 16 eurokoa da, eta harpide izateko eskaria helbide elektroniko honetara idatziz egin daiteke: Karmelaldiz@telefonica.net