Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren zenbaki berria aurkeztu da gaur, Donostian. Prentsaurrekoan izan dira Joan Mari Torrealdai eta Miriam Urkia euskaltzain osoak eta Mari Jose Olaziregi eta Lourdes Otaegi UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak. Euskera-ren zenbaki berria monografikoa da, eta bere sorburua Euskal Herriko Unibertsitateko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldeak 2018ko ekainaren 21ean eta 22an Donostiako Miramar jauregian antolatu zuen Literatura eta Zentsura. Memoria eztabaidatuak nazioarteko biltzarrean dago. “Mintegi horretan, zentsurari buruzko hausnarketa teoriko nahiz historikoa sustatu nahi izan genuen, batetik, eta eremu iberiarreko literaturetan izandako eragina aztertu, bestetik”, argitu du gaur Mari Jose Olaziregik.
Baina iazko biltzarrak bazuen bestelako helburu garrantzitsu bat, hain zuzen ere, “Joan Mari Torrealdaik euskal ikasketetan zentsuraz egindako ikerketa eskerga aitortu eta omentzea”, Olaziregik aditzera eman duen lez. Eta, ondoren, euskaltzain osoaren urteetako esfortzua nabarmendu du irakasleak: “Izugarria da Joan Marik zentsura frankistari buruz eginiko ekarpena. Oraindik orain ez da batere erraza artxiboetan arakatzea, mila oztopo jartzen dizkigutelako, nekagarria eta garestia delako, baina bera ibili zen garaietan izugarri zaila zen kontu hori. Eta ez du bakarrik zentsurari buruz ikertu, zentsoreei eta haien kriterio arbitrarioei buruz ere ikertu eta idatzi baitu. Gure lantaldeak bere lanaren jarraipena egin nahi du, baina ez da erraza izango maila horretara heltzea”.
Zenbaki monografiko honen bigarren atal nagusiak zentsuraren arloan burututako ikerketak jasotzen ditu. “Molde askotariko lanak biltzen dira bertan; batzuek zentsuraren teorizazio garaikidetik abiatu eta proposamen berritzaileak egiten dituzte euskal eremuko zentsura ikertzeko. Gehientsuenek, berriz, obra, literatur genero edo adierazpide artistiko zehatz baten gaineko hausnarketa bideratzea dute helburu. “Kontu bitxiak eta berritzaileak ere badira. Esaterako, Ismael Manterolak aztertu du Frankismoaren zentsura arte plastikoetan; Lourdes Otaegik Gabriel Arestiren poesia zentsuraren aurrean artikulu argigarria idatzi du; Zentsura eta errealitate sinbolikoa jorratu du Ana Gandarak; Idoia Gereñuk XX. mendean antzerkiak pairatu zuen ‘mututzea’…"
Azkenik, Euskaltzaindiarentzat ere hitz gozoak izan ditu UPV/EHUko irakasleak: “Esker oneko gaude Euskaltzaindiarekin, biltzar horretan eginikoa txukun eta zorrotz jaso dutelako Euskeran, eta, nola ez, zenbaki berezi hau zabaltzeko egiten ari diren ahaleginagatik”.
Argitalpen hau ez da izango biltzarrak emandako emaitza bakarra, Olaziregik berak aurreratu duenez: “laster, Alemaniako Peter Lang argitaletxearen eskutik eremu iberiarreko zentsuraz jarduten duen argitalpena kaleratuko da, gaztelaniaz”.
Negazionismoaren garaia
Lourdes Otaegi UPV/EHUko irakasleak Joan Mari Torrealdairen ibilbidea aletu du, labur, eta azpimarratu du bizkaitarrak egindako “lan erraldoi eta bakartia”. “Bere eskutik ezagutu ditugu mila kontu -gaineratu du Otaegik-. Esaterako, jakin izan dugu frankismoaren zentsurak euskal pentsamenduaren kontra egin zuela, batez ere, modu sistematikoan egin ere. Hau da, ez zuen nahi euskara kultua, inondik inora”.
Torrealdaik lotsaz hartu du bigarren omenaldi hau, hots, Euskeraren argitalpenarena, baina poztu da ikusita badagoela bere lanari jarraipena emango dion lantalde unibertsitario bat, “nik baino askozaz hobeto eta zorrotzago aztertuko duena iragana, iragana ezagutzea oso inportantea baita”. “Zuek, ikertzaile berriok, iragana aztertuz etorkizuna eraikitzen ari zarete”, adierazi du Torrealdaik, eta ohartarazi du zentsura ez dela aldendu: “90eko hamarkadan errebisionismoa izan zen, hau da, auzitan jartzen hasi ziren jada ukiezinak ziruditen kontuak; baina gaur egun negazionismoa bizi dugu, hau da, jada ez da frankismoa diktadura bezala aurkezten. Puntu horretara heldu gara. Horregatik da hain garrantzitsua gure iragana egiaren eta zientziaren bidetik aztertzea”.
EUSKERA agerkaria
Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da eta 1920. urtetik argitaratzen da. Urteko lehen zenbakiak (buletinak) Euskaltzaindiaren lana eta bizitza akademikoa biltzen ditu, eta bigarrenak Akademiaren lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aipamenak eta antzekoak jasotzen ditu. Zenbakiak urtea bukatu eta hurrengo sei hilabeteetan argitaratzen dira.