Jagon jardunaldiaren xedeetako bat ideiak partekatzea, alderatzea eta elkarrengandik ikastea izanik, mota askotako esperientziak bildu ziren Merkataritza Ganberako aretoan, multzoka.
Euskara txertatzeko planean urrats handiak eman dituzten enpresen artean, gehienek, kurioski, zalantzan jarri zuten haien aurkezpenekoan zioena, alegia “esperientzia arrakastatsua” izan zitezkeenik, eta bidean aurkitutako oztopoei nahiz ezinei gehiago erreparatu zieten, lorpenei baino.
Leire Okarantzak Fagor taldean ezarri nahi lituzketen mugarriak aipatu zituen. Besteak beste, kooperatiben funtsa –aberastasuna sortu eta modu egokian banatzea– hizkuntzaren esparrura ekartzeko asmoa; gainera “orain arte ez bezala, behin betiko bazkide bilakatzeko, euskara jakin beharra”; eta bestalde, “espresuki euskaraz bakarrik zer egingo den” finkatzeko ahalegina, euskara legitimatzeko beste hainbat ekintzarekin batera. Azkenik, enpresa barruko organoetako kideak aldatzen direlako, eta “arnasguneak alda ez daitezen”, neurri zehatzak hartu beharraz ere mintzatu zen. Ulermena bermatuta ez dagoen bitartean, hainbat gune eta esparrutan erabilera zaila dela aitortu zuten.
Ianire Floresek eta Asier Arakistainek, Zumaiako GKN multinazionalaren berri ematerakoan, “gauza txikiak eginez” abiatu zirela azaldu zuten eta langileek “eskertu” egin zutela, oro har. Ondorio garbia atera zuten ekimen txiki horietatik denetatik: “Zure hizkuntzan ari zarenean, zeureagoa sentitzen duzu enpresa”. Belarriprest-aren kontzeptua oso aberasgarritzat jo zuten, “enpresa asko euskaldundu” delako horri esker, nahiz eta “errelebo gazteagoa iritsi izanak ere” lagundu eta alde handia ekarri duen.
CAFeko Joxe Begiristainen ustez, “zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza bereiztea” da gakoa. Begiristainek, CAFen burutu dituzten ekimen guztien artean Galardi aldizkaria nabarmendu zuen: “Nire ume kuttuna da”. 40 zenbaki argitaratu dituzte orain arte, hiru urteko, eta 500 lagunek jasotzen dute. “Motibazio kanpaina indartsu eta arrakastatsuak” ere burutzen dituzte, “diseinatzaile trebe bati esker”, eta ildoaren garrantzia nabarmentzeko, “kanpotik loreak eta loreak” jasotzen dituztela aipatu zuen.
Euskal Herriko Laborantza Ganbarako Iker Elosegik, beren 300 etxalde pasatan euskararen erabilera % 95ekoa dela azaldu zuen. Euskaraz mintzatzeak “konfiantza” ematen duela azpimarratu zuen, hartara ez dela “denborarik galtzen”, baina gai teknikoak aipatzen direlarik, “euskaraz egiteak harritu” egiten dituela bazkideak, “gai teknikoak hizkuntza arrotzean behar direla barneratuta baitugu”. Erronka nagusia hauxe lukete: “Eremu euskaldunean euskaraz ez dakitenekin nola egin”. Iparraldean, Hegoaldean bezala, euskaraz ez dakien bat aski baita, talde osoa erdarara lerratzeko.
Mikel Idoatek Izarra tanatorioa hartu zuen hizpide. Zortzi beilatoki dituzte Nafarroan eta langile guztiak euskaldunak dira. Sektorean multinazionalak nagusi izanik, “bertan errotua izateari, euskarari, kulturari eta ideologiari aparteko garrantzia” ematen diotela azaldu zuen. Idoateren esanetan, “estrategia komertzial bat izan daiteke euskara”, eta teoria ongi izanik ere, funtsezkoena “gauzak erraztea” dela nabarmendu zuen. Hortaz, “praktikotasuna, sozializazioa, naturalizazioa eta erraztasuna ematea” jarri zituen oinarri-oinarrian. “Konplexuak kentzea” ere eskatu zuen, “gauzak esplikatzen direnean, zerbitzuak euskaraz zergatik eman eta beste, ulertu egiten delako”.
Ane Aurtenetxek (Aspace) Euskaraldiaren garrantzia azpimarratu zuen, eta haren ostean, hilean behin-edo “Euskaraldi propioak” egiten hasi zirela kontatu zuen. Euskarak Aspacen duen presentziari dagokionez, “duela gutxi arte basamortua” zela azaldu zuen, eta apurka, detaile txikien laguntzaz, “berdeguneak agertzen” hasi zaizkiola.
Zerbitzu enpresen mahaian, Iñaxio Garro (Laboral Kutxa), Iraitz Perez de Goldarazena (Oreka IT) eta Joxemi Telleria (Gipuzkoako Urak) eseri ziren. Lehenak, “euskaldun izateko bokazioz” sortutako enpresaren ibilbidea laburbildu ostean, barne erabilera areagotzea jo zuen erronka, eta mezu bat zabaldu zuen: “Aurrera egiteko ezinbestekoak dira bidaideak. Gure bulegoetan, urruneko bankan, gainerako sailetan, ezinbestekoak ditugu euskarazko zerbitzua exijitzera datozenak. Zatozte eta estutu”.
Gipuzkoako Uren Kontsortzioko ordezkariak “begirunea, malgutasuna eta erritmoen araberako planak” izendatu zituen aurrera egiteko gakoen artean, eta haien bilera guztiak euskaraz hasten direla aipatu zuen, “nahiz eta denak ez diren hala bukatzen”.
Oreka IT, Araban sortu eta Nafarroara hedatu den informatika zerbitzuen enpresak “euskara normaltzat” duela azaldu zuen Perez de Goldarazenak, eta gaineratu, “normala ez litzatekeena, euskara batere ez erabiltzea “ izango litzatekeela. “Euskarak lehiakorrago” egiten gaituela argudiatu zuen, eta “gertutasuna eta konfiantza sortzeko tresna” ere badela. Beren arrakastaren oinarrian, hain zuzen, “lehiakortasuna, gaztetasuna eta normalizazioa” ipini zituen, baina kezken artean, aipatu zuen paradigma aldatu egin dela eta “jende euskalduna aurkitzeko arazoak” dituztela.
Eñaut Zubeldiak, Lanbiden izena eman dutenen kideen araberako datuak eman zituen. Ondorioen artean, euskaraz kooperatibetan eta enpresa publikoetan egiten dela gehien, edota lanean egunero euskaraz hitz egiten dutenek batez beste gehiago irabazten dutela aipatu zuen, besteak beste. Lanbiden eskaintzen diren bost lanetatik batek euskara eskatzen edo baloratzen duela ere azaldu zuen.
Eskubide indibidualetik, eskubide zibilera
Sindikatuen txandan, Pello Igeregi (ELA) paradigma aldatu beharraz mintzatu zen. Euskararen normalizazioa, eskubide indibidualetatik harago, eskubide zibilen esparruan kokatu zuen, eta zentzu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu zituen, “baikortasun xaloegia” dagoelakoan. “Euskaraldia ongi etorri zaie”, esan zuen, “egin beharrekoa egina dagoela adierazten delako eta euskaldun bakoitzaren borondatearen esku uzten delako. Ez gaude ados”. Klase ikuspegitik, euskararen garrantzia aldarrikatu zuen, “indibidualizazio prozesuaren aurrean komunitateak sortzea ezinbestekoa delako eta euskarak baduelako horretarako gaitasunik. Euskara biziberritzea elementu iraultzailea da”.
Amaia Aurrekoetxeak (LAB) euskararen aldeko desoreka eragin beharraz jardun zuen. Bere ustez, “euskara inbertsioa da, ez gastu. Hori ulertu behar dugu, ulertarazi aurretik”. Bestalde, lan munduaren euskalduntzea “herri estrategia eta eskualde estrategietan” sartu behar dela azaldu zuen eta estrategia bateratuen garrantzia azpimarratu zuen.
Sabin Zubirik CCOO sindikatuaren Klase arrakalarik gabeko herrialde eleaniztun bat helburu txostena aurkezteko baliatu zuen abagunea. Besteak beste, orain arteko gabeziak aipatu zituen: “Uste dugu ez dugula kontuan hartzen erdaldunak ere badirela gure herrian. Horiek ez daude gure hizkuntza sisteman errekonozituta”.
UGT-Euskadiko kide Xuria Arzak nahitaezko jo zituen euskararen aldeko dekretuak eta arauak, “euskara guziona denez, eta identifikazio politikoak onak ez direnez”. Gainera, “euskararen planak, berdintasun planak bezala” ez direla betetzen ari nabarmendu zuen, baina gero ez zuen jakin publikotik egindako galderari erantzuten: Nafarroan UGTk Euskararen Foru Dekretuari ezarritako helegitea dela-eta, agiriak elebitan paratzeak zer kalte ote duen azaltzea eskatu zitzaion.
Prestigioa eta erabilgarritasuna ez baitira pareko
Hizkuntza-aholkularien mahaian, enpresetara iristeko zailtasunak nabarmendu zituzten hastapenetik. Argudioen artean, sarri, bezeroek ez dutela eskatzen, edo “enpresa industriala izaki, nazioartekotzeko euskararik ez dugu behar” gisako diskurtsoak baliatzen direla aipatu zuten. Hizkuntzen kudeaketarako planak direla-eta, “ezer ez egitea, egitea dela” nabarmendu zuten aho batez, eta orobat “euskararen balio erantsiaz” hitz egin behar dela.
Leire Solozabalek (Artez) prestigioa eta erabilgarritasuna bereizi zituen: “Gaztelaniak, ingelesak edo frantsesak bezala, hizkuntzak prestigioa duenean, ez da inposizioan pentsatzen”. Bestalde, merkatari eta enpresa txikietan baliabide gutxi jarri izana hutsunetzat jo zuen: “Lanpostu asko hiri handietako txikizkako saltokietan daude kontzentratuta, eta horietan hartzen diren erabakiek eragin handia dute hizkuntza-paisaian”.
Elias Zumaldek (Emun) gizarte erantzukizunari jarri zion fokua: “Enpresek arduratsu jokatu behar dute dauden tokian”. Zumalderen aburuz, iraunkortasuna izango da lehen helburua, “baina inpaktuak sortzen dituzte, kliman, etorkinen inguruan, kulturan edota hizkuntzan. Inpaktua sortzen badute, ardura ere hartu beharko dute”.
Maddi Etxeberriak (Elhuyar) diskurtsoaren garrantzia nabarmendu zuen, “zerekin goazen”. Etxeberriak azaldu zuenez, “lehen, militantziak ekarri zituen asko, baina horiek gero eta gutxiago dira eta guk ere egokitu behar dugu. Balio erantsiaz hitz egin behar da. Euskarak errentagarri bihur dezake enpresa, marka sortzen du eta motibazioa areagotzen du”.
Galder Lasuenek, Euskalit fundazioko kideak, hizkuntzaren kudeaketa norberaren borondatearen araberako hautuetatik atera eta enpresaren estrategian sartzea ezinbesteko jo zuen. Pedro Garcia Larraganentzat (Confebask) “atxikipen askea eta inposaketarik nahiz diskriminaziorik eza” lirateke hizkuntza planen oinarriak, lan munduan. Bere ustez, “euskal enpresa euskal gizartea da eta ezin zaio eskatu gizarteari eskatzen ez zaiona”.
Kontsumitzaileen Elkarteko abokatu Maider Alberdi euskararen gaineko legeaz aritu zen hausnarrean. Oro har, Euskal Autonomi Erkidegoan erabilera oso erregulatuta dagoela esan zuen, “baina errealitatea beste bat da, eta hizkuntza ez erabiltzeagatik ezer ez bada gertatzen, horri lotuta zehapen sistemarik ez badago, ezin da aurrera egin”.
Joseba Erremundeguy (Euskararen Erakunde Publikoa), Mikel Arregi (Nafarroako Gobernuko Euskarabidea) eta Miren Dobaranek (Eusko Jaurlaritza) osaturiko mahai instituzionalean, azken honen hitzak izan ziren adierazgarrienak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak eta eragile sozialek elkarlanean osatu dituzten plan estrategikoen munta erakutsi zutelako: “Jendea behar dugu datozen erabilera-planak martxan jartzeko. Ez daukagu irakaslerik eta lan ikaragarria egin beharko dugu etorkizunean”.