Jorge E. Lemus El Salvadorko Don Bosco unibertsitateko irakaslea Euskal Herrian izan da egun hauetan. Nafarroako hainbat udal bisitatu ditu (Iruñekoa, Burlatakoa, Huartekoa...), eta Parlamentuan, Ikastolen Federazioan eta Garabiden ere izan da, bertako ordezkariekin solastatzeko.
Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Logofagia salvaje: un lingüista ante la amenaza a la diversidad lingüístico-cultural izeneko hitzaldia eman du. Bertan, hizkuntza eta kultura nagusi eta menderatzaileek mintzaira eta kultura txikiak edo gutxituak desagerrarazten dituztela azaldu du lehenik, eta El Salvadorren azken bi hamarkadetan nahuat-pipil izeneko hizkuntza indarberritzeko egin diren ahaleginen inguruan iharduki du ondoren.
Ondoren, NUPeko irakasle Juan Jose Zubiri eta Patxi Salaberri euskaltzainekin elkartu da, euskararen batasunaren eta Euskaltzaindiaren berri zehatza jakin nahi baitzuen, gero nahuat-pipil hizkuntzari aplikatzeko, ahal den heinean, egoera oso bestelakoa baita Ameriketako herrialdean.
(Argazkian: Lemus irakaslea, El Salvador Elkartasuna elkarteko kideak, eta Alfredo Asiain, Jose Zubiri eta Patxi Salaberri irakasle eta ikertzaileak)
Jorge E. Lemus
El Salvadorko Don Bosco unibertsitateko irakaslea da, desagertzeko zorian dauden hizkuntzetan eta antropologia linguistikoan aditua. Arizonako unibertsitatean (AEB) egin zuen doktore tesia; RAEko akademiko urgazlea da.