Euskaltzaindiaren XXIV. Jagon Jardunaldia Sagrario Aleman euskaltzainak kokatu du testuinguruan: “Gure bizitzaren zati bat lanean ematen dugu eta ezinbestekoa da arlo horretan euskara sartzea”. Administrazioa, irakaskuntza, literatura eta beste hainbat esparru kontuan hartuta, “normalizazioan pauso handiak” eman direla ekarri du gogora Alemanek, ez ordea arlo ekonomikoan, “baldintzak hobetu diren arren”. Bilboko Merkataritza Ganberan egiten ari den jardunaldiak bi helburu dituela nabarmendu du euskaltzain nafarrak: batetik, arlo sozioekonomikoaren funtzioaz gogoeta egitea, eta bestetik, arlo sozioekonomikora jauziak dakartzan erronken inguruan aritzea. Hari beretik, “ideiak eta esperientziak partekatzeak dakarren onura” goraipatu du Josune Zabalak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, eta aurki, “guztiokin eraikitako gogoeta prozesuaren ondorio” izan den plana aurkeztuko dela esateko baliatu du abagunea. Plana, azken lau hamarkadetan irakaskuntzan eman den iraultzari arlo sozioekonomikoan jarraipena ematera datorrela nabarmendu du Zabalak.
Jardunaldiko lehen egunak euskalgintzako izen esanguratsuak jarri ditu mikrofonoaren aurrean, baina ez bakarrik euskalgintzakoak. Esaterako, François Vaillancourt-ek (Université de Montréal) Quebec-en azken 60 urteotan ezarri diren hizkuntza-politikak aletu ditu, esperientzia ezberdinen gazi-gozoak argitu dituela. Ostean, Mikel Irizar (Topalabe taldea) lankidetza giroan berrindartzeaz eta jauzi egiteaz mintzatu da. Gizartearen inplikazioa lortzeko, diskurtsoa “balio komunen gainean” eraiki behar dela azaldu du: “Euskal hiztun komunitateak bakarrik ezin du sistema osoaren funtzioa aldatu. Beste azpisistemekin aritu behar du lanean”. Jauzi inportanteenak lan-esparruan eta eremu ez-formalean egin beharko liratekeela esan du, eta “erronka nagusia haur eta gazteak hiztun komunitatearen parte aktibo” bihurtzea dela ere aipatu du.
Jon Sarasua (Mondragon Unibertsitatea) “kontakizun bat” sortu beharraz aritu da: “Kontakizun aski sendoa eta aski malgua behar dugu sentsibilitate desberdinetara heltzeko”. Gaur egungo “euskalgile aktiboak bisio baten premian” direla ere aipatu du, eta bisio hori “lan-esparrua konkistatzea” izan litekeela, “gure gurasoena eskola egitea izan zen gisan”. Lan mundua “masiboki euskalduntzeko olatua sortzea” egingarria eta antolagarria dela iritzi dio, “horretarako batailoiak baditugulako”.
Eneko Bidegainek (Mondragon Unibertsitatea) herrigintzaz jardun du, Euskal Herri kontinentala eta Euskal Herri penintsularra bereiziz, biak elkarrengandik hain urrun egotearen arrazoiak zerrendatuz. “Ekonomiaren hizkuntzak egituratzen du herri baten mapa psikologikoa, ekonomiaren hizkuntzak ematen dio edo kentzen dio boterea hizkuntza bati”, esan du Bidegainek, eta adierazi du gure ekonomiaren hizkuntzak euskara izan behar duela ezinbestean. Halaber, aitortu du “euskal merkatu nazionala” antolatzen hasi behar genukeela.
Euskararen plan estrategikoen gaineko mahai instituzionalean aipagarriak izan dira Miren Dobaranen hitzak. “Jendea behar dugu datozen erabilera-planak martxan jartzeko. Ez daukagu irakaslerik eta lan ikaragarria egin beharko dugu etorkizunean”, salatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, eta aurreratu du “laster” begirale guztiek B2 beharko dutela aisialdian lan egiteko.