Espainiako Kultura Ministerioak 1984. urtetik ematen du urtero-urtero sari hau, eta idazle baten ibilbidea aitortzea du helburu. Golardoarekin batera, 40.000 euro jasoko ditu idazle eta euskaltzain gipuzkoarrak.
Gaur egun, Euskaltzaindiak publikatzen duen ERLEA aldizkariaren arduraduna da. Gainera, Akademiaren mendeurrenerako hitzaldi dramatizatua prestatu du, Jose Kruz Gurrutxaga aktorearekin batera (Hitzaldia euskal literaturari buruz Martuteneko kartzelan). Hamabost bat alditan eman da momentuz, eta hurrengokoa Baionako Euskal Museoan izanen da, azaroaren 28an, 18:00etan.
Gogoratu behar da Atxagak oraintsu aurkeztu duela bere azken eleberria. Pamiela argitaletxeak honela deskribatzen ditu nobelaren dohaiak bere webgunean: "Ezagutzen genuen lehendik ere Atxagaren ahalmen poetiko handia, unibertso osoak eta sakonak eraikitzeko gaitasuna. Narratzaile aparta dela ere bagenekien. Dohain horietaz gozatzeko aukera izango du irakurleak Etxeak eta hilobiak honetan. Betiko Atxaga dugu, alde horretatik. Baina ofizioak findutako idazkerarekin dator oraingoan, heldutasunak ondutako begiradarekin".