Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak R. Mª Azkue Literatura Sarien deialdi berri bat zabaldu dute. Sari hauen xedea idazle gazteak literatura mundura erakartzea da, eta, jakina denez, bi genero saritzen dira: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila: 2006, 2007, 2008 eta 2009an jaioak; eta B maila: 2002, 2003, 2004 eta 2005ean jaioak.
Sari hauetara euskaraz idatziriko narrazio zein olerki-lanak aurkez daitezke, egilearen bizilekua edo nazionalitatea edozein izanik. Hori bai, lanak originalak eta inoiz argitaratu gabeak izan behar dira; ez dira onartuko beste lanen itzulpenak edo moldaketak. Lanak makinaz alde batetik idatzirik aurkeztuko dira, folio edo A4 neurriko orrietan, eta hiru kopia bidali beharko dira Akademiak Bilbon duen egoitza nagusira (Plaza Barria, 15/ 48005). Epaimahaikoen erabakiak 2020ko martxoaren 13a baino lehen iragarriko dira.
Aurrekariak (1975etik)
Berez, Resurreccion Maria Azkue saria 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta entsegu modalitateekin, eta 1990a arte iraun zuen. Urte haietan ez zen gaztetxoentzako saria, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991etik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.