Marijane Minaberri eskolaren estrenatzea Bankan, idazle aitzindariaren omenez
Marijane Minaberri izena hartu du Bankako eskolak, herriko idazle eta kazetariaren omenez.
Urepele aldeko 40 ikasle gaztetxok Marijane Minaberriren kantak abestuz hasi da ibarreko euskaltzale aitzindariaren aldeko omenaldia, Bankako eskola publikoan. Natxo de Felipe kantariaren laguntza izan dute agerraldi horretan. Marijane Minaberri ezagutu zuen egunaz baliatu da artista bizkaitarra idazlearen etxean aurkitu zituzten altxorrak gogoratzeko, Oskorri taldearekin Marijane kanta zan diskoan grabatu zituzten haur kantu zoragarriak, alegia. Katixa Dolhare, Suaia elkarteko burua, pozik agertu da ibarreko herritarren izenean, Bankako eskolari haren izena emanez, herriko idazle, olerkari, kazetari, eta emakume aitzindariari egiten zaion omenaldiaren aurrean.
Sagrario Aleman euskaltzain nafarrak emaztearen ibilbide oparoa eta Minaberrik haurren literaturan izandako aitzindaritza-lana goraipatu ditu, besteak beste, Marigorri (1961) bildumari esker, euskal herriko eskola irakasleei zein gurasoei egin ekarpena azpimarratuz. Euskaltzaindiak Marijane Minaberri ohorezko euskaltzain izendatu zuen 1998 urtean.
Thérèse Minaberri ahizpak hunkiturik eskertu ditu herritarrak, haurrak eta Bankara hurbildu diren literatura, irakaskuntza, edo kultura arloetako eragileak, sorterriko eskolan Marijaneri hain omenaldi polita eskaintzeagatik.