Ondarearen Europako Jardunaldiak Europako Kontseiluaren ekimena dira, Europako Batzordearen babesarekin eta, funtsean, herritarren eta bere ondarearen artean lotura bat finkatzeko asmoz ospatzen dira. Ate irekien jardunaldi modura daude sortuak eta aurrekaririk gabeko arrakasta izan dute Europa osoan. 50 estatu kide baino gehiagok parte hartzen dute ondarearen hedapenerako ekitaldi handi honetan.
Edizio honetan Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdeko 58 udalerriren lana koordinatu du; honela, guztira urri osoan zehar garatuko diren doako 200 jarduera inguru programatu dira. Hori bai, jardueretan parte hartzeko derrigorrezkoa da aurrez erreserba egitea. Datu hauek Ondarearen Europako Jardunaldiak 2019 katalogoan kontsulta daitezke, eta baita esteka honen bidez ere: www.bizkaikoa.bizkaia.eus/jep.
Euskaltzaindian, lau hitzaldi
Euskaltzaindiak lau berbaldi antolatu ditu, Jokoak eta dantzak toponimian eta herri hizkeretan lelopean. Lehenengoko biak urriaren 15ean eta 16an izango dira, eta beste biak urriaren 22an eta 23an. Lehenak Mikel Gorrotategik gidatuko ditu, eta jokoek eta dantzak toponimian utzitako arrastoaz arituko da Euskaltzaindiko Onomastika Zerbitzuaren arduraduna: "Toponimia gizakion eguneroko jarduerekin dago hertsiki loturik. Sarritan lanarekin edo lanari loturiko gauzekin lotzen den arren, gizakumeok egiten edo egin ditugun ekintza eta bizitzaren alor gehienak ageri dira bertan. Batzuetan aipu zuzenak dira, eta jokoak eta jolasak ageri dira toponimoetan, hain arrunta den Bolatoki izenean ikus daitekeen bezala. Besteetan, berriz, hondarra ilunagoa da, eta atzeko barne-historia jakin gabe zail da zertaz ari garen jakitea. Hori da, esaterako Guzurraretxizenaren kasua. Era berean, nola da posible mendian Dantzaleku izena behin baino gehiagotan agertzea? Kasu horiek eta bestelako batzuk aztertuko dira lau berbaldietan", aurreratu du Gorrotxategik.
Beste hitzaldi biak (urriaren 22koa eta 23koa) Amaia Jauregizar Euskaltzaindiko teknikariak gidatuko ditu, eta Herri Hizkeren Atlasean jokoak eta kirolak duten lekua aztertuko du, modu dibulgatzailean eta publiko zabalari begira.