2018ko martxoaren 17an hartu zenuen EIEren ardura. Izan duzu elkartearen egoera barru-barrutik ezagutzeko aukera?
Bai, baina ez da langintza erraza. Batetik, langileak daude, urtetako bideari eusten diote, beren jarduteko moduari eta inertziari; bestetik, zuzendaritza dago, teorian agintea duena, baina borondatezko lanean oinarritzen denez, praktikan eraginkortasun handirik ez du. Bien arteko zubia aurkitzea da zailena.
Eta zer sumatu du Zuzendaritza berriak? Zeintzuk dira EIEren indarguneak eta ahuleziak?
Elkartearen indargunea idazleak ikastetxeetara eramateko egin duen bidea da. Era berean, hori bera ere badabere ahulezia, batetik, administrazioen muga fisikoak ezartzen zaizkiolako, eta, bestetik, gaur egun dituen baliabide apurrak horretan jarri behar dituenez, ezer gutxi lantzen dituelako bestelako bideak.
Horiei aurre egiteko, zeintzuk dira etorkizun hurbileko asmoak?
Erronkak asko dira. Batetik, Elkarteak laguntza zuzenagoa eman beharko lieke idazleei. Gaur egun, literatura sustatu nahi duten erakundeen planak laguntzen ditu nagusiki elkarteak: esate baterako, Idazleak Ikastetxeetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren programa, Liburua gozagarri Nafarroako Gobernuarena, Literaktum, Poesia Orduak… Ekimen askotan parte hartzen du EIEk, baina izatez, aipatu ditudan horiek guztiak ez ditu EIEk antolatzen, EIEk besteen programetara edo besteek ezartzen dituzten baldintzetara egokitu behar izaten du, eta horien bidez, zeharka, idazleak laguntzen ditu. Erakundeei beren programak aurrera eramaten laguntzen dien elkartea baino gehiago, idazleak zuzenean laguntzen dituen elkartea izan behar dugu.
Bigarrenik, literatur sistema aski elitista eta zurruna da. Oso jende gutxiri aitortzen zaio idazle etiketa, baina guk 365 kide ditugu, eta horiek arlo askotan dihardute. Idaztea ofizio gisa aldarrikatu behar dugu. Bestalde, elkartea XXI. mendera ekarri behar dugu. Izan ere, teknologia berriei esker idaztea eta argitaratzea inoiz baino errazago den honetan, elkarteko kide izan nahi duenari, oraindik ere, liburu bat edo hainbat artikulu paperean argitaratuta izatea eskatzen zaio.
Erronkak asko dira, esan bezala, eta horiek denak lantzeko prozesua jarri dugu martxan. Bi galderari erantzun behar genioke zintzoki: zer den idazte izatea eta zertarako nahi dugun elkartea.
365 bazkide dituzuela diozu. Zer eskatzen diote Zuzendaritza berriari? Badago barne-eztabaidarik EIEn?
Jendeak ez du gauza handirik eskatzen. Bazkideen parte-hartzea oso txikia eta puntuala da. Gu, ordea, ez gara konformatzen errazak. Hasteko, funtzionamendua aldatu nahi dugu; inertzian erori gabe, Zuzendaritza batzordea talde eraginkorragoa izatea lortu behar dugu.
Orain, Euskaltzaindiarekin bost urterako akordioa izenpetu du EIEk. Akordio honek zer ekar lezake batzuentzat eta bestetzuentzat ondorengo urteetan?
Barku berean gaudela esan genezake. Euskararen erabilera bultzatu, irakurzaletasuna zabaldu, euskararen kalitatea zaindu, adierazkortasunean irabazi, hizkuntza ikertu, hizkerak bilatu, molde aproposak egonkortu… Horiek denak, gure grinak eta ezinak ez ezik, Euskaltzaindiarenak ere badira. Elkarren bozgorailu izan gaitezke. Elkartuta, xamurragoa izango da bidea. Jarraipen batzordeak zehaztuko ditu urratsak, osatzen denean.
EUSKAL LITERATURA
Hainbat inkesta tarteko, euskal literaturaren egoerari buruzko iritzi kontrajarriak ikusi eta entzun izan ditugu azken urteotan. Zuk nola ikusten duzu botila, erdi beteta ala erdi hutsik?
Lehen esan dudan bezala, literatur sistema elitista eta zurruna da; berehala katalogatzen eta etiketatzen dugu dena, “hau literatura da eta beste hori ez da”, “honek mailarik ez du eta bestea jainkoa da”… Bestalde, argitaratzen den guztia molde estandarren araberakoa da. Freskotasuna falta dugula esango nuke, eta ausardia, moldeak puskatzeko eta gauza berriak probatzeko, zein etiketa jarriko diguten beldurrik izan gabe. Batzuetan fanzineen garaiko freskurara itzuli beharko genukeela iruditzen zait.
Euskaldunek euskaraz gutxi irakurtzen dutela ere erakutsi digute inkestek. Non dago joera horren gakoa eta nola irauli daiteke?
Joera orokorra da, hizkuntza gehienetan gertatzen da, baina geure kasuan larriagoa da, benetako hiztunak gutxi garelako eta besteentzat desoreka izan litekeena guretzat drama bat delako. Erabilera erreal eta kalitatezkoa sustatu gabe, euskarari prestigioa eman gabe, nekez irauliko dugu joera hori. Ezin zaio irakurzaletasunari bakarrik begiratu testuingurua kontuan hartu gabe.
Euskal literatura euskararen egoerarekin estu lotuta dago, beraz, konponbidea ere hori kontuan izanda prestatu behar da? Nola?
Euskarari balioa eman behar zaio, eta, balioa emateko, ekonomiaren eta garapenaren parte izan behar du, horrek mugitzen duelako mundua. Ekonomiaren eta garapenaren alorrean, euskara azken putza da. Kanpora begira sortu nahi den estereotipoa zein da? Oso langile onak garela, toki turistiko apartak ditugula eta ingelesez besteak bezain trebe garela, dena ingelesez izendatzen baitugu aspaldi honetan. Ekonomia horren barruan, belgikarrek komikia bihurtu dute beren ezaugarri, suediarrek (eta islandiarrek) nobela beltza, eta guk? Guk, pintxo-potea.
Euskal idazle moduan, nola sentitzen zara egoera honen aurrean? Badago baikorra izateko arrazoirik?
Askotan, egia esan, etsiak jota sentitzen naiz. Inoiz ez naiz baikorra izan, baina horrela ez noa inora. Beraz, helburu txikiak jarri eta horiek betetzen saiatzen naiz. Idazle gisa, idatziko dudana zutabe baterako edo nobela baterako izan, ongi idazten saiatzen naiz, salduko den edo irakurriko den pentsatu gabe, distortsio handia baitakar horrek. Publiko zabalera iritsi nahiak, edo sare sozialetan irakurriena izan nahiak, modako gauzak imitatzera eraman zaitzake, euskara maila apalagoan idaztera, adibide bat jartzearren. Ez dut uste estrategia ona denik.
Azken urteotan emakumezkoen pisua nabarmen igo da euskarazko literaturan, eta, ikusten denez, EIEn bertan ere bai (aurreko lehendakaria Jasone Osoro izan zen). Presentziaren beraren garrantziaz gain, bestelako aldaketarik ekarri dio euskal literaturari kontu honek?
Irakurle asko edo gehienak, gaur egun, emakumezkoak dira. Liburuetan, protagonista asko emakumezkoak dira. Editore berriak (Susan, Txalapartan…) emakumezkoak dira. Idazleen artean ere, emakumeak ari dira gailentzen. Emakumeak jada ez gaude atzean edo itzalean gelditzeko prest, baina inertzia ikaragarria da oraindik. Beste arlo guztietan bezala, agerikoago izateak ez du esan nahi joera irauli denik. Honek denak lan molde berriak ekarri beharko lituzke, azken finean gizonezkoek sortutako sisteman ari baikara oraindik.