Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, bi erakundeen arteko elkarlana sendotu eta hirian euskararen erabilera bultzatzeko. Gorka Urtaran alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu dute akordioa, udaletxean egin den ekitaldi publikoan. Horrenbestez, 2019an 63.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak Euskararen Akademiari.
Udalbatzak eta Euskaltzaindiak 1996ko irailean sinatu zuten horrelako lehenengo lankidetza-hitzarmena. Geroztik, urtero berritzen dute konpromisoa. Alde batetik, Akademiak aholkularitza linguistikoa eskaintzen dio Udalari; bestetik, jarraitzen dute udalerriko toponimia proiektu zabala garatzen.
Hain zuzen, urte horietan guztietan Euskaltzaindiarekin izandako lankidetza azpimarratu du gaur Gorka Urtaran alkateak, “hirian euskararen ezagutza eta erabilera areagotzen lagundu baitiguzue". "Gasteizek, Euskadiko hiriburua den aldetik, euskararen hiriburua izan behar du", adierazi du alkateak. "Gure hizkuntzarekin konprometituta gaude; lehentasun bat da guretzat. Herritarren hizkuntza-eskubideak betetzen direla bermatzeko lan egin behar dugu, euskara, gure harribitxi nagusietako bat, gero eta gehiago entzun dadin kaleetan”, gaineratu du. Bide batez, Euskaltzaindia zoriondu du alkateak, mende batean eginiko lan "eskerga" eta euskararen alde eginiko "ekarpen erabakigarriagatik".
Andres Urrutia euskaltzainburuak ere esker hitzak izan ditu Udalarentzat: “Beste behin berresten da Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko aspaldiko elkarlana, hirian eta Araba osoan euskara eta euskal kultura sustatzeko baliagarria izango dena. Eta, orain arte bezala, hitzarmen hau ez da paperean geratuko, gai zehatzetan eginen dugulako lan, toponimian eta euskalgintzan batez ere”, gogoratu du Urrutiak.
Hurrengo lanak
Akordioari esker, Elena Martínez de Madinak koordinatzen dituen Gasteizko toponimiaren inguruko lanekin jarraituko da. Aurten, Jungitu, Zerio, Estibaliz, Lubinau eta Uribarri Arratzua herrien deskribapenak jorratuko dira. Era berean, Arratzua III (Jungitu, Zerio, Estibaliz, Uribarri, Arratzua, Matauku, Ortia, Ilarratza, Lubinau) argitalpenean agertuko diren toponimoei dagozkien testuen behin behineko idazkuntza egingo da, mapak prestatzearekin batera. Gainera, Dibiña I datu-basea prestatzen eta Abetxuku, Andetxa, Arangiz, Foronda, Lopida, Mendiguren eta Ihurre herrietako toponimoak aztertzen hasiko da lan-taldea.