Jagon saileko lan berria Iñaki Martínez de Luna soziolinguista eta euskaltzain urgazleak koordinatu du eta lau atal nagusi ditu:
- Lehenbiziko atalean, euskarak Araban azaltzen dituen datuak aurkeztu dizkigute Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailordetzako Agurtzane Ortiz de Landaluzek, Aztiker enpresako Asier Etxenikek eta Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak.
- Jarraian, erakundeetako euskara teknikariak beraien lan ildo berritzaileenak eta etorkizunerako erronkak azaltzen dituzte. Aldundiko euskara zerbitzuko Jokin Larrañagaren, Gasteizko udaleko Alex Vadilloren, Guardia-Arabako Errioxako euskara teknikaria den Leire Sueskunen eta Gorbeialdeko Kuadrillako Manex Agirre teknikariaren hausnarketak irakur daitezke.
- Ondoren, euskalgintzan diharduten eragileek beraien esperientziak idatziz jarri dituzte. Euskaltegietako, euskara elkarteetako eta euskara suspertzeko ekimenetan ari diren taldeetako ordezkariek beren lanen xehetasunak azaldu dituzte. Merezi du Trebiñun euskara sustatzeko elkarteko ordezkariaren testigantza irakurtzeak.
- Azkenik, Araban euskaraz diharduten hedabideetako ordezkari bik medio hauen garrantziaz eta beharraz ohartarazi dute.