Sarako Idazleen 36. Biltzarra apirilaren 22an eta 23an egingo da. Aurten, Euskaltzaindiak hiru liburu berri aurkeztuko ditu bertan, hain zuzen, Pazko Astelehenean, 11:00etatik aurrera: Janpierra Lexardoarteren bizitzea edo Basabürüaren trajeria; Le dauphin: 1757ko gutuneriari buruzko osagarriak eta gogoetak, “othoi çato etchera”; eta Euskara Batua eta Ipar Euskal Herria (1964-2018) Kolokioaren agiriak.
Bertan izanen dira Andres Urrutia euskaltzainburua eta liburuen egileak: Jakes Sarraillet euskaltzain urgazlea, Xabier Elosegi ikertzaile eta Jean Baptiste Coyos euskaltzain osoa.
Hona hemen liburu berrien nondik-norakoak:
- Janpierra Lexardoarteren bizitzea edo Basabürüaren trajeria
Egilea: Jakes Sarraillet.
Bilduma: Euskaltzainak 28
Hizkuntza: euskara/ Salneurria: 10 €
Sinopsia: Janpierra Lexardoarteren bizitzea ardatz harturik, Sarrailletek ondu duen pastorala. Egileak berak dioen moduan, “pastoral honen gaia da XX mendea zeharkatzeko suertea izan duen Ipar Euskal Herriko gizon xume baten bizitza”. Pastoral tradizionala idatzi du Sarrailletek: 17 jelkaldi ditu, lehen eta azken predikuez gain, sei kantu eta dantza bat. Kantu berriak ditu baina baita Etxahun-Irurik idatzitako bi ere.
- Le dauphin: 1757ko gutuneriari buruzko osagarriak eta gogoetak, “othoi çato etchera”
Egilea: Xabier Elosegi
Bilduma: Iker 36
Hizkuntza: euskara/ Salneurria: 12 €
Sinopsia: Elosegik Le Dauphin itsasontziko gutunaz egin duen lana oso interesgarria da. Artxiboetan egin duen lan eskergaren eta bere gogoeten ondorioz, 1757ko gutunak aberasten ditu molde oso ongi antolatu baten; gainera, gutuneria horrek bide ematen du ikerketan sakontzeko eta hedatzeko, euskarak gizartean izan duen tokia eta funtzioa hobeto ezagutzeko. Ipar Euskal Herriko gizartean euskaraz idazten zen? Alfabetatuak ziren XVIII. mendeko Ipar Euskal Herriko euskaldunak? Bide batez, galdera horiei erantzuna ematen zaie liburu honetan.
- Euskara Batua eta Ipar Euskal Herria (1964-2018) Kolokioaren agiriak
Prestatzailea: Jean-Baptiste Coyos
Bilduma: Jagon 19
Hizkuntza: euskara/ Salneurria: 12 €
Sipnosia: 1963 eta 1964 artean, Txillardegiren gidaritzapean, zortzi hilabetez, beste zazpi euskaltzale bildu ziren Cordeliers karrikako 14an, Euskal Idazkaritza
elkartearen egoitzan. Euskara batzeko bidean, lana zen ortografiaz, aditzaz eta izenaren deklinabideaz bereziki proposamen batzuk egitea. Taldearen lanaren
fruitua ber gunean, 1964ko agorrilaren 29-30etan, etorri ziren Euskal Herri osoko berrogei bat euskaltzaleri aurkeztu zizkieten. Eta lau urte berantago, 1968ko
urrian eta Arantzazun, Euskaltzaindiak proposamenak onartu zituen bere biltzarrean; Mitxelenak aurkeztu zituen proposamenok.