Gaur goizean, Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak 2019ko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Horren bidez, Gobernuak –Euskarabidearen bitartez– jarraipena emango dio Euskaltzaindiarekin duen lankidetzari, eta 2019ko aurrekontuetan Akademiarentzat aurreikusitako 169.000 euroko zenbatekoa baliatuko du hainbat proiektu aurrera eramateko.Hitzarmen horretan, 2019an gauzatuko diren jarduerak jasotzen dira, bai eta, Euskaltzaindia sortu zeneko mendeurrenaren kariaz, Iruñean urte hasieran antolatu ziren ekitaldiak ere, hots, urtarrilaren 17an eta 18an egin zen hizkuntza-eskubideei buruzko nazioarteko mintegia.
Euskararen lexikoari, toponimiari eta onomastikari buruzko ikerketak
Hain zuzen, lau proiektu finantzatuko dira dirulaguntza horri esker:
1. Euskal Corpus Onomastikoa (ECO).
2. Onomastikari eta Toponimiari buruzko lanak.
3. Jagon bilduman argitaratuko den Euskaltzaindiaren XXIII. Jagon Jardunaldia (Iruñean, 2019ko urtarrilaren 17 eta 18an) liburua eta Jose Agerre: Biografia de Arturo Campión liburua.
4. Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketa. Hitzarmena berrituta, Bi erakundeek euskara normalizatzeko eta haren garapen, azterketa eta ikerketan elkarlanean jarraitzeko nahia erakutsi dute.
Euskaltzaindiaren sortzailea
1918an, Nafarroako Foru Aldundia Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen. Harrezkero, Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko harremana etengabea izan da, eta, lankidetza horri esker, hainbat ekimen akademiko eta kultural antolatu dira. Gaur sinatutako hitzarmenak jarraipena ematen dio alde bien interesari eta ahaleginari era horretako ekimenak bideratzeko.