Miriam Urkia euskaltzain osoak bere hitzaldi-sarrera irakurri du, gaur, jendez gainezka zegoen Aretxabaletako Arkupe kultura-etxeko Zaraia aretoan. 2018ko otsailaren 23an izendatu zuten euskaltzain oso, eta Joan Mari Torrealdai emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea bete du Urkiak. Euskaltzain oso izateko, baina, sarrera-ekitaldia ezinbestekoa da, eta hitzaldia irakurtzeaz gain, Urkiak kargu berriaren zina egin du; ondoren, Euskaltzaindiaren diploma eta domina ezarri dizkio Andres Urrutia euskaltzainburuak, aretoan hitz hauek entzuten ziren bitartean: “Euskaltzaindiak Miriam Urkia andrea, euskararen alde orain arte egin dituen lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, lankidetzat hartu du”.
Joan Mari Torrealdai gogoratuz hasi du Hiztegitik kofradiaramintzaldia Urkiak, eta esan du Torrealdai ordezkatu bainoago 29. aulkia berarekin partekatzen duela: “Joan Mari euskalgintzako arlo askotan ikusi izan dugu bere onena ematen beti, 2003an bere onen hori kentzen saiatu baziren ere. Halako itzala duen Torrealdai handiaren ondoan, beraz, ulertuko duzue txiki eta, Sarrionandiak behinola esan zuen moduan, soinean gabardina handiegia banerama bezala sentitzea. Errespetua, esker ona eta miresmena besterik ez ditut Joan Marirentzat, eta 29. aulkia berarekin partekatzeko ohorea”. Aretxabaletako ikastolaren 50 urteak ere gogoan izan ditu euskaltzain berriak, “bai, ikastolakumea naiz” aitortuz, harrotasun puntu batekin.
Ondoren, hiztegi-kontuak eta kofradia kontzeptua izan ditu mintzagai Urkiak, “euskara ehuntzeko saregileak eta sare-konpontzaileak beharko ditugulako”. Euskarazko hiztegien historia errepasatu du aretxabaletarrak, eta aitzindarien Artean Seber Altube arrasatearra eta bere ‘Erderatiko-itzak, itz-barrijak eta aintxiña-itzak’ txostena aipatu ditu. Arantzazuko biltzarra ere ez du ahaztu (“Batasunerako hiztegiaatera baitzen, 625 forma, baina garai hartarako lorpen handia”), Euskaltzaindiaren Hiztegigintza Batzordearen sorrera (1981) eta batzordearen lanak eta buruhausteak 80ko hamarkadan; Mikel Zalbidek 1991ean proposatutako 10.000-20.000 hitz inguruko ortografia-hiztegia; Sarako biltzarrean Batzordeak landutako ‘Hiztegi batua: lanketa- eta onespen-prozedurak’ dokumentua; eta 2000. urtean, bederatzi urteren buruan argia ikusi zuen Hiztegi Batua, 20.000 forma biltzen zituen hiztegia. “2000. urterako zehaztu zituen Euskaltzaindiak hiztegia bera osatzeko irizpideak ere, makroegitura eta mikroegitura, garaiko estandarrak kontuan hartuta”, azpimarratu du Urkiak, aitzindarien itzala gomutan: “Berandu hartu genuen lexikografia modernoaren trena, baina iritsi ginen, eta ez genuen eserleku txarra hartu gainera. Baina, hori guztia, aurretik oinarriak ezarri zituztenei zor diegu, treneko errailak prest utzi zituzten-eta, baita abiadura handikoa hartzeko ere”.
Informazio iturri zabala
“Honaino iritsita, 46.000 formatik gorako euskal hiztegi arauemailea adieraz eta adibidez hornitua izatea ez da hutsala, horretarako ia ehun urte behar izan baditugu ere, baina honek ez du etenik”, aurreratu du euskaltzain osoak. “Euskaltzaindiaren Hiztegiaaitzindaria da hiztegia osatzeko baliatu dituen oinarriak gardentasunez erakusten –adierazi du-. Hor ditugu, hiztegiko sarrera bakoitzaren ondoan, horretarako oinarri izan dituen Orotariko Euskal Hiztegia, XX. mendeko Euskararen Corpusaeta Lexikoaren Behatokia, euskal tradizioa eta egungoa islatzen dutenak. Baina ez hori bakarrik: hiztegiko formak erabakitzeko baliatu dituen irizpideak, izandako eztabaidak eta erabakiak ere biltzen ditu Hiztegi Batu Oinarridunak”.
Guzti hau elkarlanaren fruitua dela esan du, beste behin, Aretxabaletako euskaltzaleak: “Saregilezjosia dago Euskaltzaindia: zein bere aldetik bere sarea ehuntzen, hau da, arautzen. Armiarma-sare handi bat osa dezakegu IKER sailekoen artean. Eta, horrekin batera, ez ditzagun JAGON saileko lagunak ahaztu, sare-konpontzaileak, sareak oraindik erabat bukatu gabe ditugu-eta”. Zentzu honetan, bere ametsa partekatu du entzuleekin euskaltzain osoak: “Kofradia bat da amesten dudana, saregileak eta sare-konpontzaileak batuko dituena. Eta izan badugu Euskaltzaindia, baina guztiak modu finean saretzea besterik ez da falta, hau da, koordinatzea”.
Kofradia, berehalako zerbitzua eskaintzeko
Eta zertarako delako kofradia? Bada, zerbitzu azkarra eta zorrotza emateko: “Ez dezagun ahaztu gure Akademiaren helburua zerbitzua eskaintzea dela, baina XXI. mendean gaude eta berehalako zerbitzua ere beharrezkoa da, benetako beharrei erantzun nahi badiegu behintzat. Sare-konpontzaileek prestatu beharko dute berehalako eta behin-behineko erantzuna, ondoren saregileek behin betiko lana buru dezaten, luzamendutan ibili gabe. Honela, zintzo eta azkar erantzun ahal izango diogu txantxetan esan izan den ‘Zalantza non, Euskaltzaindia han’ horri”.
Urkiak 2016ko jauzia aipatu du, Hiztegiak paperetik sarerako jauzia egin zuenekoa, baina berak uste du gehiago aurreratu daitekeela: “Teknologia berriakeskura ditugu, horiek geure zerbitzura daude eta baliatu egin behar ditugu. Hizkuntza-teknologien aroan erabat murgildu beharra dauka Akademiak aurrera egingo badu. Eta dituen baliabide guztiekin, zer ez luke egingo!”
Ohartu du euskal gizartea goitik behera aldatu dela, eta, horrekin batera, hiztegiak egiteko modua bera: “Egin dezagun urrats bat aurrera eta presta dezagun egungo eta biharko beharrei erantzungo dien eduki integrala: baliabide teknologiko berrietan oinarritutako edukiak, askotarikoak. Hiztegi ortografikotik abiatu ginen, adieraz eta adibidez hornitu genuen, XXI. mendera ekarri dugu. Zergatik ez guztia integratu?”. “Hizkuntzalaritza aplikatuaren garaian gaude –gogoratu du Urkiak-, eta ezin dugu tren hori galdu, honetan ere hizkuntza galduko ez bada, egungo arriskua heriotza digitala baita”.
Emakumezkoaren lekua
Andoni Sagarna euskaltzainaren erantzuna ere argigarria izan da, eta egokia iruditu zaio bere berbaldian Euskaltzaindiarekin era bateko edo besteko harremanak izan dituzten “merezimendu handiko” emakumezkoak aipatzea, “garai batean eta orain Euskaltzaindiari ekarpenak egin dizkioten emakumeen gorazarrez”. Eta aletu ditu Julia Fernandez-Zabaleta, Julene Azpeitia, Julita Berrojalbiz, Robustene Mujika Tene, Madeleine Jauregiberri, Marie Jeanne Minaberri, Karmele Esnal edo Karmele Rotaetxe bezalako euskaltzaleek eginiko esfortzuak eta balentriak.
Sagarnak esan du Euskaltzaindian ere aldatu dela garai bateko joera: azken 15 urtean 14 euskaltzain oso berri izendatu dira, horietatik 5 emakumezko. Eta bide horretatik jarraitu behar dela adierazi du. “Aurrera begira, bidezkoa litzateke emakumeen kopurua gizonezkoenarekin berdintzen joatea. Ez bakarrik, gainera, justiziazkoa delako, baita beharrezkoa eta naturala delako ere emakumeentzat eta gizonezkoontzat. Horretarako gauza bakarra egin behar dugu: oztopoak kentzea, batez ere gure burmuinetan sakon txertatuak ditugunak, eta ateak zabaltzea”, adierazi du donostiarrak.
Miriam Urkiaren ibilbide profesionala ere aztertu du Sagarnak, bere ondoan bizi izandako uneak eta esperientziak ahaztu gabe.
Miriam Urkia Gonzalez (Donostia, 1965) Euskal Filologian doktorea (EHU, 1997). Aurretik Euskal Filologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea, 1988). Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoekin batera, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada 2007tik.