Euskara ikasiz, landuz eta nonahi erabiliz, euskararen presentzia indartzen dugun heinean, egiazko konpromisoa erakusten ari gara haren normalizazioaren alde; beraz, Akademiak dei egin die norbanakoei, bai eta askotariko eragileei ere jarrerak alda ditzaten eta barruko zein kanpoko agerpenetan euskara indartzea ekar dezaketen konpromiso eragingarriak har ditzaten.
Euskaltzaindia 2019an mendeurrena betetzen eta mendeurren berri baterako oinarriak jartzen ari den honetan, gogora ekarri nahi du duela 100 urte Euskaltzaindiaren altzoan egituratu zen komunitate zientifiko haren arnas luzeko ekarria, pentsaera guztien gainetik, euskara denon ondarea eta haren biziberritzea denon egitekoa zela ulertzen zuena. Gizarte zibil horren engaiamenduak ahalbidetu zuen, besteak beste, euskararen batasuna, ekimen kolektibo baten emaitza gisa, bururaino eraman ahal izatea. Bestelakoa zatekeen euskararen egoera batasunik gabe, Akademiaren sorreraz geroztik bizkortu zen euskararen batasunak hurreratu gaituela mugaz bi aldeetako euskal hiztunak.
Halaber, Euskaltzaindiaren arrimuan eta babesean eratu ziren gaur egun garrantzitsuak diren azpiegiturak, hala nola, ikastolak, euskaltegiak, AEK bera, euskarazko tituluak, bertso txapelketak, elkarte eta erakunde andana eta abar, gerora beregainak eta ibilbide propioa izan dutenak. Zorionez, 1965. urtean, besteak beste, Rikardo Arregi euskaltzain urgazlearen proposamena aintzat hartuz eta Euskaltzaindiaren ekimenez eratu zen alfabetatze eta euskalduntze mugimenduak ibilbide luzea eta oparoa bizi izan du. Gure iragan hurbilak erakusten digu konpromisoaren eta askotariko eragileen arteko lankidetzaren bidez, euskara denona eta denontzat ulertuz, gure hizkuntzari iragana ez ezik, oraina eta etorkizun oparoa segurtatzea badagoela.
Gure hizkuntzak, euskarak, gu guztiok elkartzen gaitu, eta denok behar gaitu!