Larunbat honetan, martxoak 30 dituela, Miriam Urkia euskaltzainaren sarrera-ekitaldia egingo da Aretxabaletako udalean. Urkiak Hiztegitik kofradiara izeneko hitzaldia eskainiko du eta Andoni Sagarna euskaltzain osoak emango dio erantzuna (Badator aire freskoa).
Ostean, Aretxabaletako euskaltzainak zin egingo dio kargu berriari eta diploma eta domina ezarriko zaizkio (“Euskaltzaindiak Miriam Urkia andrea, euskararen alde orain arte egin dituen lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, lankidetzat hartu du”).
Ekitaldiko bi hitzaldiak (Miriam Urkia eta Andoni Sagarna euskaltzainenak) Akademiaren webgunean eskegiko dira aurrerago (www.euskaltzaindia.eus).
Miriam Urkia Gonzalez (Donostia, 1965) Euskal Filologian doktorea (EHU, 1997). Aurretik Euskal Filologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea, 1988). Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoekin batera, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada 2007tik. 2018ko otsailaren 23an izendatu zuten euskaltzain oso, eta Joan Mari Torrealdai emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea bete du Urkiak.