Martxoaren 28an, arratsaldeko 18:00etan, Vatikano II.a Kontzilioaren amaieran, latineko idazki ofizialak euskarara itzuli zituen elizbarruti arteko taldeari aitortza eta omenaldia egingo zaio Euskaltzaindiaren egoitzan. Ekitaldian bertan, Bizkaian Eleizea euskerearen alde dokumentala aurkeztuko da; hamar minutuko zintan, Bizkaiko Elizak euskara jagon eta hedatzeko egindako bidearen nondik norakoak erakusten dira.
Andres Urrutia euskaltzainburuak, Felix Alonso Bilboko elizbarrutiko bikario nagusiak eta Eustasio Etxezarreta itzultzaileen taldeko koordinatzaileak eman dute datorren astean egingo den aitortza-ekitaldiaren berri. Baiona, Iruñea, Donostia eta Bilboko elizbarrutietan testuak itzultzen ibili ziren abade eta erlijosoak hartu gura dira gogoan ekitaldian, nahiz eta euren arteko batzuk dagoeneko hilda dauden. Lantaldeko izen gutxi batzuk aipatzearren (tartean, oraindik lanean ari direnak), Karmelo Etxenagusia, Lino Akesolo, Pio Zarrabe, Mikel Zarate, Bitoriano Gandiaga, Jaime Kerexeta, Juan Vicente Gallastegi, Jose Mª Rementeria, Emile Larre edo Lontzo Zugazaga bezalako euskaltzaleen izenak nabarmendu genitzake.
‘Euskararen ibilbidea gure elizbarrutietan:liturgiako itzultzaileen e(us)karria’da martxoaren 28an egingo den ekitaldiaren izenburua; izan ere, eta gaurko agerraldian azaldu dutenez, lantalde horrek hizkuntzari ekarri nabarmena egin zion, itzulpenak “herri xeheak” ulertzeko moduan egokitzerakoan. Horrez gainera, euskararen euskarri lana ere egin zuten, debekatuta zegoen garai latzetan.
Elizbarrutietako itzultzaile taldeetakoek 1967an egin zuten lehenengo batzarra, Iruñean. Handik bi urtera, itzultzaile talde bakarra osatu zen. “Testu bera onartzen zen baina hiru eratara argitaratuz: bata Baionarako, bestea Bilborako eta hirugarrena gainontzeko lurraldeetarako”, agertu du gaur Felix Alonso bikario nagusiak. Testuak ez eze, musikak ere aparteko garrantzia izaten zuen, “elizbarruti arteko lantaldean bertan moldatzen zirelako ereserkiak eta ospakizunetarako kantuak”.
Aspalditik, Eliza eta euskara eskutik lotuta joan direla gogoratu dute gaur: XVI. mendeko dotrinetatik hasi, XVIII.eko Areatzako Pedro Antonio Añibarro abadeak euskalki ugaritan idatzitako sermoietara zein XIX. mendean Azkue lehenengo euskaltzainburuak suspertu zuen Euskalzale, euskarazko lehenengo aldizkariaren sasoietara heldu arte. Eta bide hori ez da eten, gaur egun oraindik ere elizbarruti arteko lantaldeak itzulpenak egiten eta lekuan lekurako testuak egokitzen jarraitzen baitu, “beti ere holako lanetan sormenak eta hizkuntzaren edertasunak bere garrantzia daukalako”.
Eustasio Etxezarreta itzultzaileen taldeko koordinatzaileak bi kontu aipatu nahi izan ditu, itzultzaileen jardunean zerikusi izan zutenak: “Batetik, duela 50 urte, Euskaltzaindiak markatu zuen bidea, baina euskara batua sortzen ari zen eta etenbako polemika zegoen gizartean: batua bai, batua ez, h-a bai, h-a ez... Saltsa horrekin aurkitu zen Eliza eta bide berezi bat hartu behar izan zuen: eskolatu gabeko multzo handia zegoenez, jatorrizko euskarari leial eta komunikazioa lehenetsiz jardun zuen lantaldeak. Esames handiak eman zituen erabaki horrek. Orain bai, euskara batuaren erabilera sozializatu egin da eta ez dago halako arazorik. Bestetik, itzulpenak taldean egiteko erabakia hartu zen; erabaki zuzena, gerora ikusi den legez”.
Bilboko Elizbarrutiko Kultur Erakundeen Mahaiak suspertuta, martxoaren 28ko ekitaldian, Bizkaiko Elizaren eta euskararen arteko lotunea erakusten duen hamar minutuko dokumentala aurkeztuko da. Honetan, lehenengo aldiz ikusiko da XVI. mendean dohatsu klaretar batek erabili zuen profesa formula. “Bizkaieraz idatzita aurkitu den testu zaharrenetarikoa izan daiteke eta Durangoko San Antonio komentuan gordeta egon diren liburu eta dokumentuen artean aurkitu da. Gaur egun, Bilboko Eliz Artxiboan dago agiria, monja klaretarrek Elizbarrutiaren esku utzi zituztelako euren artxibo eta liburuak”, azaldu du Felix Alonsok.